Aramotz mendi lasterketa

"Mañarian irabazi eta Kopako lider jarri nintzenean aukera aprobetxatu behar nuela erabaki nuen"

Anboto 2024ko urr. 7a, 09:15

Gizonetan Irazu Aranburu Antxiak (Mallabia, 2001) irabazi zuen Urkiola Kopa.

Aramotz Mendi Lasterketa laugarren postuan amaitu zuen Irazu Aranburuk eta emaitza horrekin batutako puntuak nahikoa izan dira Urkiola Kopa irabazteko. Lasterketa "nahiko gogorra" izan zela dio "batez ere hezetasunagaitik". Horrela, hasieran "sufritu" egin zuen. "Gerora egoerari buelta eman diot eta Mestafa Mahfoudekin [bigarren Urkiola Kopan] batera joan naiz. Baina azken jaitsieran oso nekatuta nindoan eta neukanarekin heldu naiz helmugara", adierazi zuen 23 urteko korrikalariak.

Erregulartasunak eman dio Kopako txapela: Mañaritik Atxetara 22 km-ko proba irabazi egin zuen eta gainerakoetan beti goian ibili da: Sorginen Lasterketan bosgarren amaitu zuen eta Aramotzen laugarren geratu da. 

Hasieran ez zuen Kopa osoa egiteko asmorik. "Sorginen Lasterketa etxeko lasterketa moduan sentitzen dut eta horregatik egin nuen. Gero Mañarian irabazi eta lider ipini nintzenean, aukera aprobetxatu behar nuela erabaki nuen", adierazi du.

Atzo Ander Gerrikaetxebarria zornotzarrak etxeko lasterketa irabazi zuen eta Aranburuk ere badaki sentipen hori zen den: maiatzean Mallabiako Zazpi Pago mendi lasterketaren lehenengo aldia irabazi zuen. Gomuta onak ditu eta "oso momentu berezia" izan zela adierazi zuen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!