June Villaroel Urkiola Kopako protagonista nagusia izan da. Kopako hiru probak irabazi ditu Elorrion bizi den madrildarrak: Sorginen Lasterketa, Mañaritik Atxetara (22 km-koa) eta atzoko Aramotz Mendi Lasterketa.
Atzoko lasterketan "gozatu" egin zuen. "Oso lasterketa polita eta entretenigarria da. Nekatuta heldu naiz azken asteetako lasterketengaitik, baina gozatu egin dut".
Bere bikoteak eta biek urtebete daramate Euskal Herrian bizitzen. Biak Durangoko Kiroleneko -Kirol Irakaskuntzen ikastetxe publikoa- ikasleak dira eta mendiko gidari ikasketak burutzen dabiltza. Villaroelek beste lotura bat ere badu Euskal Herriarekin: bere amaren senitartekoak gipuzkoarrak dira; zehazki, tolosarrak.
Hemen dagoenetik nazioarteko lasterketa baten baino gehiagotan aritu da, baina eskualdeko lasterketetan ere parte hartzea erabaki du hemengo mendi eta inguruak asko gustatzen zaizkiolako.