Azken aldian mendi lasterketen loraldia eman da Durangaldean. Proba beteranoei berriak batu zaizkie herriz herri. Gertutasun eta aniztasun horrekin denbora kontua zen elkarren arteko sinergiak sortzea. Lehenengo elkarlanak badu izena dagoeneko: Urkiola Kopa Trail.
Durangaldeko hiru mendi lasterketen artean sortutako liga bat da: Sorginen Lasterketa (21 km), Mañaritik Atxetara (22 km) eta Aramotz mendi lasterketa (22 km). Hiru probetako antolatzaileak daude ekimenaren atzean.
Ligako hiru lasterketek hainbat lotura dituzte. Batetik, hirurak Urkiolako Parke Naturaletik igarotzen dira. Bestetik, hiru lasterketak hilabeteren barruan kontzentratzen dira: irailaren 14an, Sorginen Lasterketa; irailaren 21ean, Mañaritik Atxera, eta, urriaren 6an, Aramotz mendi lasterketa. Azkenik, hiru probetako antolatzaileek euren artean duten hartuemanak ere lagundu du ekimena bideratzen.
Erakargarria korrikalari nahiz ikusleentzat
Inguruko lasterketak sustatzea eta parke naturaleko txokoak ezagutara ematea dira ligaren helburuak, antolatzaileen esanetan. Korrikalarientzat nahiz ikusleentzat ekimen erakaragarria izan daitekeela ere uste dute.
Ligan parte hartzeko ez dago izen-emate berezirik egin beharrik. Nahikoa da proba bakoitzean izena ematearekin. Antolatzaileek hiru probetako emaitzak hartuko dituzte kontuan sailkapen orokor bat egiteko.
Dena ondo badoa eta ligak harrera ona badu, etorkizunari begira ez diote aterik ixten lasterketa gehiago barneratuko lituzkeen Durangalde mailako liga bat sortzeari.