Yaiza Romerok (Zornotza, 1997) beste jauzi bat eman du bere ibilbidean. Joan zen asteburuan urpeko arrantzako munduko txapelketa lehiatu zuen Laredon (Kantabria) eta txapeldun geratu zen taldeka, Espainiako selekzioarekin. Sailkapen orokorrean, berriz, hamaikagarren postuan amaitu zuen.
Iaztik hona nazioarteko txapelketetan postu oso onak lortutakoa da —laugarren Finlandiako Europako txapelketan eta bigarren Euroafrikako txapelketan, Tunisian—, baina asteburukoa izan du bere lehenengo parte hartzea munduko txapelketa batean.
Parte hartzaileek itsaso barea aurkitu zuten eta, kontrakoa eman dezakeen arren, horrek urpekarien lana zaildu zuen. "Egun biak oso gogorrak izan ziren arrantzarako arrain gutxi zegoelako. Itsasoa bare zegoen eta ikusmen handia, eta baldintza horiek daudenean arraina ez da itsasertzean geratzen; itsasoan barneratzen da edo arroketan ezkutatzen da. Hala ere, maila eman genuen”, gogoratu du Romerok.
Yaiza Romero urpeko arrantzako Bizkaiko eta Euskadiko txapelduna da gaur egun, eta Espainiako azpitxapelduna.
Yaiza Romero Laredoko uretan urperatzeko prest.