“Niretzat apnea egitea urpean yoga egitearen modukoa da"

Anboto 2023ko api. 30a, 10:20

Yaiza Romerok (Zornotza, 1997) itsasoa du bere inguru naturala. Urpeko arrantzan espezialista da eta gaur egun Espainiako azpitxapelduna da modalitate horretan. Hori gutxi balitz, irailean Laredon izango den munduko txapelketan parte hartuko du. Neguan, itsaso zakarra egoten den urtaroan, itsasoa igerilekuagaitik ordezkatu eta apnea kirola praktikatzen du. Apnean hainbat modalitate dago, baina denak bat datoz ezaugarri batean: ur azpian arnasarik hartu barik ahalik eta denborarik luzeena igaro behar da. Joan zen asteburuan, Oviedoko Espainiako txapeketan parte hartu zuen Euskadiko selekzioagaz.

Zelan joan zen Espainiako txapelketa?
Pozarren nago egindako lanagaz. Espainian maila ikaragarria dago apnean, eta banekien dominak irabaztea oso gatxa izango zena. Modalitate batzuetan nire marka pertsonalak hobetzea nuen helburu, eta lortu nuen. Apnea estatikoan 4 minutu eta 37 segundo eman nituen uretan arnasarik hartu barik. Nire aurreko marka 4:01ean zegoen. Apur bat gehiago eutsi nezakeen, baina hortik aurrerakoa eremu ezezaguna zen eta gurago izan nuen seguru jokatu. Hegats biko dinamika proban, 84 metrotan zegoen nire marka; 100era heldu gura nuen eta 111,1 metro egin nituen. Beraz, oso pozik nago. Pena bakarra hegatsik bako dinamika proban geratu zait, ezin izan nuelako nire marka hobetu. Taldeka hirugarren geratu ginen eta benetan lorpen handia da gaur egun zelako maila dagoen ikusita. 

Urpeko arrantza da zure beste pasioa. Hau ere apnean egiten den kirola. Gaur egun, Espainiako azpitxapelduna zara eta irailean Laredon (Kantabria) lehiatuko den munduko txapelketan parte hartzeko hautatu zaituzte. 
Lehenengoz ibiliko naiz munduko txapelketan. Urte birik behin egiten da eta aurtengoa etxetik hain gertu izanda, benetan aprobetxatu gura dudan aukera da. Laredon bertan entrenamenduak egingo ditugu, inguruak aztertzeko eta prestaketa lanak egiteko. Podiumean egotea dut helburu. Dena ematera noa eta ahaleginduko naiz. 

Munduko txapelketan lehenengoz arituko zara, baina nazioartean gehiagotan ere aritu zara.
Bai. Iaz hasi nintzen nazioarteko txapelketetan. Lehenengo, ur gezako Europako txapelketan parte hartu nuen, Finlandiako Puruvesi lakuan. Ur gezako urpeko arrantza indarra hartzen dabil aspaldian, eta Finlandiakoa Europako estreinako txapelketa izan zen. Laugarren geratu nintzen. Pena hartu nuen, hirugarren postuak 30 gramogaitik bakarrik ihes egin zidan eta. Horren ondoren, Euroafrikako txapelketan izan nintzen, Tunisian. Taldeka azpitxapeldun geratu ginen. 

Alde handia dago ur gezan aritzetik ur gazian aritzera?
Flotagarritasunean aldea dago. Horrez gainera, Puruvesiko lakuan oso gutxi ikusten zen urpean. Ez nintzen sakonera handian ibili, gehienez 15 metrotan, baina zazpi metrotik aurrera ez zen ezer ere ikusten. Azpimundu batean sartzen zinela zirudien. Linternagaz bakarrik, beldur apur bat ematen zuen. Itsasoan desberdina da, ilun egonda ere ikusten da eta. Horrez gainera, ur sakonean lokatza zegoen eta ha zapalduz gero irentsi egiten zintuen. Kontuz ibili beharra zegoen. 

Urpeko arrantza ez da ohiko kirola. Zelan zaletu zinen?
Ez da baloiari ostikadak ematea edo zapatilak jantzi eta korrika hastea bezain ohikoa, ezta? Nire zaletasuna aitari zor diot, Rafa Romerori. Gaztetatik egiten du eta oso zalea da. Beragaz hasi nintzen. Etxean zodiak bat ere badaukagu. Beraz, etxean betidanik izan dut itsasoagazko lotura hori. 

Zein da inoiz arrantzatu duzun piezarik handiena edo bereziena?
Handiena 18 kiloko itsas aingira bat da. Iazko maiatzean izan zen, Euskadiko txapelketan, Getaria inguruan. Berezien artean, hainbat ditut: meroa, txelba hortzandia… Txapelketetan arrantzaturiko dena aprobetxatzen da: ongitzazko elkarteetara edo elikagai bankuetara eramaten da. 

Apnea egitea zenbateraino da berezkoa, birikek berez duten ahalmenagaitik, eta zenbateraino entrenatu daiteke?
Jendeak uste duen baino ahalmen handiagoa du urpean arnasarik hartu barik egoteko. Gertatzen dena da egoeragaitik estutasuna sartzen dela. Psikologikoa da eta hori landu egiten da. Egia esan, batzuek, genetikoki, biriketan ahalmen handiagoa dute, baina asko lana da, entrenamenduagaz lortzen da.

Eta zelan entrenatzen da?
Erlaxamendua lantzea funtsezkoa da. Luzaketa ariketak ere garrantzitsuak dira. Hortik aurrera, norbere burua apur bat gehiagora derrigortzean dago gakoa. Korrika egiterakoan gertatzen den moduan: orain bost kilometro, gero sei… 

Lanketa horrek ekarri dizu onurarik bizitza pertsonalean?
Bai, niretzat apnea egitea urpean yoga egitearen modukoa da. Apnearen onurak ohiko bizimodura estrapolatu daitezke. Badakit geroago eta jende gehiagorengana zabaltzen dabilena. Ikastaroak ematen dituztenek esan didate geroago eta abokatu, suhiltzaile eta surflari gehiago dituztela. Estresa hobeto kudeatzeko baliatzen dute. 

Zure markarik onena lortu berria duzu (4:37 minutu) eta oraindino 26 urte baino ez dituzu. Noraino heldu gura zenuke? 
Ni apurka-apurka noa. Orain bost minutura heltzea gustatuko litzaidake. Marka horretan dut burua. Emakumeetan, Isabel Sánchez Aranek dauka Espainiako errekorra, zazpi minutu eta segundo batean. 

Apnea egitea zein punturaino da kirol arriskutsua?
Bakarrik egiten baduzu da arriskutsua. Muturrera heltzean, konortea galdu daiteke. Gorputzak hartzen duen segurtasun neurri bat da, geratzen den oxigeno urria biziraupenera bideratzeko. Egoera horretan uretatik aterako zaituen inor ez badago ito egin zaitezke. Baina aditua den norbaitegaz bazaude eta arnasari ahalik eta gehien eustera zoazela abisatzen badiozu, adi egongo da eta aterako zaitu. Txapelketetan jende asko dago gu zaintzen, eta ez dago arriskurik. 

Apnea egiterakoan, pentsatzen da ala kontzentrazioa da dena?
Asko kontzentrazioa da. Pentsatzerakoan, pentsamendu alaietan zentratu behar zara, apnea atseginago egingo dizuten horietan. Niri apneak desinhibitzeko balio dit. Arazo guztiak ahazten ditut. 

Apirilean zazpi urte bete dira Joseba Kerejeta hil zela, urpeko arrantzan mundu mailako erreferentea izan zen abadiñarra. Ezagutu zenuen?
Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan ikustearen oroitzapena dut. Oso figura inportantea zen urpeko arrantzan, eta mundu guztiak maite zuen. Munduko txapelketa irabazi izanak garbi adierazten du zer maila zuen. 

Beste ezer gehitu gura duzu?
Zornotzako Udalari, federazioei, Glaukos taldeari, Cressi nire babesleari eta aitari eskerrak eman gura dizkiet euren laguntzagaitik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!