Sekulakoa egin du Amorebietak. Denboraldi honetan sarritan erakutsi du erronka zailetan hazi egiten dela eta gaurkoa horren beste adibide bat izan da. Badajoz faboritoa zen eta gainera etxean jokatzen zuen, 7.000 zaleren aurrean, baina Iñigo Velez de Mendizabalen gizonek aurpegia eman dute partidu osoan eta Badajozek aukera garbi gutxi sortu ditu.
Lehenengo zatiko 22. minutuan heldu da partiduko gol bakarra, Iker Bilbaok area barruan solte zebilen baloia ehizatu eta barrura bidali duenean. Emaitza horrekin eta taldeak utzitako sentsazio onekin amaitu da lehenengo zatia. Taldeak ondo presionatu du eta baloia luze jokatzera behartu du aurkaria.
Badajozek gorantz egin du bigarren zatian. Gol bat behar zuen nahitaez. Amorebietari atzerago defendatzea egokitu zaio. Erditik ezin zuen, eta Badajoz erdiraketen bidez saiatu da arriskua sortzen. 75. minutuan heldu da Extremadurako taldearen aukerarik onena. Area txikian errematatu dute, baina hantxe zegoen Saizar atezaina eta luzatu bikain bati esker baloia urruntzea lortu du. Partiduaren hondarrean beste geldiketa eder bat egin du.
Iker Unzueta abadiñarrak hasierako hamaikakoan jokatu du eta 64 minutu jokatu ditu, Obietak ordezkatu duen arte. Ekaitz Molina abadiñarra 79. minutuan zelairatu da Mikel Alvaro ordezkatuz.
Azkenean 0-1 amaitu da partidua eta Amorebieta Bigarren Mailara igo da klubaren historian lehenengoz.
Zornotzarrak ez daude bakarrik Nuevo Vivero futbol zelaian. Bertaratu diren 500 zaleek gozatu ederra hartu dute.