Playoff-etarako sailkapenaren ondoren, egon zen ospakizunik?
Apur bat bakarrik, gure artean. Ahal zena. Egoera ez dago gauzak asko ospatzeko, zoritxarrez.
Datorren urtean sortuko den maila berrira, Federazioko Lehen Mailara, sailkatzea sorpresa izan bada zelan kalifikatu daiteke Bigarren Mailarako playoff-etara sartu izana?
Guretzat Federazioko Lehen Mailara sailkatzea helburu bat zen hasieratik. Kanpotik gauzak beste modu batera ikusi zitezkeen, Amorebietak ez duelako beste talde batzuen izena, baina argi geneukan hor egon gintezkeela. Hori bai, urte osoan lehenengo postuetan ibili gara, eta, egia esan, ez genuen espero hain goian sailkatzea. Eta behin hor ibilita, argi geneukan playoff-etara sartzeko borrokatu behar genuela.
Jon Larrea presidenteak eta Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzaileak taldearen anbizioa azpimarratu dute. Anbizioa duzue gidari?
Gosea dugu, bai. Taldeko jokalaririk gehienok denbora bat daramagu futbolean. Ilusioa ere aipatuko nuke. Anbizio eta ilusio horrek denok kutsatu gaitu eta norabide berean bultza egin dugu. Anbizio hori zelaian ere igartzen dela uste dut.
Joan zen asteburuko partidua da horren erakusgarri. Berdinketak balio zizuen, baina 3-1 irabazi zenuten.
Beti irteten dugu irabaztera, ez dakigulako beste era batera jokatzen. Oso talde intentsoa gara, aurkariari jokatzen uzten ez dion horietarikoa. Borroka eta lana ez dira negoziatzen.
Sailkapena lortuta, zelan hartuko duzue asteburuan Calahorraren aurka jokatuko duzuen lehen faseko azken partidua?
Playoff-etarako sailkatuta gaude, bai, baina oraindino badugu zerbait jokoan. Irabazten badugu eta Reala Bk galtzen badu, bigarren tokira igoko dugu.
Zer suposatzen du hirugarren barik bigarren amaitzeak?
Hirugarrenak lehenengo baten kontra jokatuko du playoff-etako lehenengo partidua. Kasu horretan, kanporaketa ez da penaltietara helduko. Luzapenaren ondoren berdinketa mantentzen bada, lehenengo taldea sailkatuko da. Bigarren amaituta, ostera, beste bigarren baten kontra jokatuko dugu eta penaltiak egongo dira partidua berdinduta amaituz gero. Aldea dago.
Bigarren Mailatik partidu bira zaudete. Barneratu duzue horrek zer esan gura duen?
Bagara kontziente, baina, beharbada, denbora batera emango diogu benetan duen garrantzia. Denboraldi osoan goian ibili garenez, ematen du betidanik gaudela hor eta normala dela. Ez da sorpresatzat hartzen. Baina, bai, aurtengo urtea berezia da. Partidu bi geratzen dira Bigarren Mailara igo ahal izateko, eta sei jokatu behar izatea da normalena. Bigarren Mailara igotzeko urteren bat badago, aurtengoa dela esango nuke.
Aurretik datozen partiduak gozatzeko ala irabazteko dira?
Gure errezeta eguneroko lana da. Gauden tokian egotea sari bat da guretzat, baina igoera lortzeko borrokatu behar dugu. Urrun eta gertu dago aldi berean. Horrelako aukera bat gutxitan agertuko da berriro. Egongo da gero ospakizunetarako astia.
Azkenaldian, ikusi ditugu taldeak berea eman barik finalak galtzen. Baduzue horren beldurrik?
Ez dut uste hori gertatuko zaigunik. Oso argi dugu zein den gure jokamoldea eta zer egin behar dugun. Taldeak emango du berea.
Zelan doa zuretzat aurtengo denboraldia?
Ia partidu guztietan parte hartu dut, baina gehienetan aulkitik zelairatu izan naiz. Aurten beste rol bat egokitu zait. Beste toki batetik ikusi dut futbola, hain ohituta ez nagoen toki batetik, baina beste esperientzia eta jakintza batzuk pilatzeko balio izan dit. Zelai barrutik zein kanpotik ahal izan dudan denean laguntzen ahalegindu naiz.
Jokatzen dabilena zure herrikide gaztea da!
Bai, Ikerrek [Unzueta] asko hobetu du. Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara saltoa dago, baina ondo egokitu da. Konfiantzagaz dabil eta erantzukizunari aurre egiten dabil. Ahal dudan denean laguntzen diot eta ea noraino heltzen den!
Amorebietakoa ez da zure lehenengo esperientzia Bigarren B Mailan. Durangoko Kulturalagaz ere ibili zinen urtebetean. Jarraitzen diozu Kulturalaren ibilbideari?
Bai, lagun asko ditut han. Urte gatxa dute aurtengoa eta sufritzen dabiltza. Baina esango nuke lortuko dutela aurrera irtetea.
2018an handia egin zenuten Kulturalean. Mailaz igo eta klubak Bigarren B Mailan ospatu zuen sortu zeneko mendeurrena.
Kointzidentzia polita izan zen. Sasoi bereziak bizi izan nituen. Gainera, asko parte hartu nuen taldean. Urte batzuk generamatzan jokamolde jakin bategaz eta ibilbide on bategaz eta hura bizitzea itzela izan zen.