[BIDEOA] Zornotzan, uztailaren 1ean irekiko dituzte Ganeko igerilekuak, ur-jolas parke berriarekin

Joseba Derteano 2020ko eka. 26a, 13:32

Azpiegitura osoa segurtasun neurri zorrotzekin zabalduko dute.

Datorren asteko eguaztenetik irailaren 15era iraungo du igerileku irekien denboraldiak. Azpiegiturei dagokionez, ur-jolas parke berria estreinatuko dutela da nobedade nagusia. Ur-txorrotak hainbat modutara barreiatzen dituzte parkeko askotariko jolasek. Esaterako, erdi-erdian eta goialdean, apurka-apurka urez betetzen den ontzi handi bat dago. 200 bat litrora heltzen denean, ontzia irauli eta ura jolasgune osoan barreiatzen da.

Beste berritasun bat da berdegune handiagoa egongo dela. Hesiak atzeratu eta ia 500 metro karratuko berdegunea gehitu dute, gaur igerilekura antolatutako bisitan udal arduradunek azaldu dutenez.

Igerilekuen ordutegia

Instalazioek ordutegi berria izango dute, eta bi txanda egongo dira. Astelehenetik ostiralera, goizeko txanda, 10:00etatik 15:00etara izango da, eta arratsaldekoa, 16:00etatik 21:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan ordubete arinago itxiko da, 20:00etan.

Gainera, igeri egiteko ordu tarte batzuk egongo dira: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 11:00etara eta 20:00etatik 21:00etara, eta asteburuetan goizeko lehen orduan. Kale bi edo hiru gordeko dira horretarako, une horretan dagoen aforoaren arabera.

Segurtasun neurriak

Neurri soziosanitarioei dagokienez, denboraldi guztian eguneroko garbiketa eta desinfekzioa areagotu egingo dute.  Bestalde, erabiltzaileek bakoitzak bere musukoa ekarri beharko dute, eta desinfektatzeko gela bertan egongo da.

Gainera, instalazioetara sartzeko gaur egun dauden tornuak kendu egingo dira. Haien ordez, sartzeko eta irteteko noranzkoak, lurrean jarriko diren seinaleen bidez adieraziko dira, eta manpara bat jarriko da bereizteko. 

Azpiegitura osoaren aforoa 600 erabiltzailetara mugatuko dute. Horrez gainera, barruko guneek euren aforo propioa izango dute: igerileku nagusiarena, esaterako, 90 lagunekoa da. Aforoaren unean uneko egoera www.amorebieta-etxano.eus  webgunean kontsultatu ahalko da eguaztenetik aurrera, horretarako sortu duten sistema informatiko bati esker.

Aldagelak eta dutxak

Aldagelak eta dutxak irekita egongo dira. Segurtasun distantziak mantentzeko dutxa batzuk egongo dira erabilgarri, ez guztiak. Azkenik, eguzkia berdegunean bakarrik hartu ahal izango da, eta pilotalekua eta tenis pista zarratuta egongo dira, baita aldageletako terrazak ere.

Igerileku nagusiko aforoaren egoera erakusten duen kontagailua:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!