Ander Uriarte: “Une honetan San Miguel kalean ez dugu berrizteko premia handirik ikusten”

Anboto 2017ko api. 1a, 09:29

Atzoko plenoko irudia.

Herrian beste lehentasun batzuk daudela uste du EH Bilduko zinegotziak. HiriEkimenak ere  ez du proiektua babestu. Batzuek zein besteek proiektuaren kontra bozkatu zuten atzoko udalbatzarrean.

“Une honetan, ez dugu San Miguel kalea berrizteko premia handirik ikusten”, adierazi zuen EH Bilduko Ander Uriartek. “Berrizketak beti daude ondo, dena hobetu daiteke, noski baietz, baina jar ditzagun lehentasunak”, gehitu zuen. Ildo horretatik, udalak saltzeko asmoa duen Arreibiko eraikina aipatu zuen: “Diru horrekin eraikinak udalaren izaten jarraituko lukeela uste dut, edozein beharrizanetan erabiltzeko”.

San Miguel kaleko inbertsioa auzoak hobetzeko erabili daitekeela ere nabarmendu zuen, adibide lez Tantorta jarrita. “Diru honekin auzoetan hainbat eta hainbat gauza egin daitezke, enpresak ekarri barik”, adierazi zuen.

Arreibiko eraikinaren salmentagaz ateratako dirua musika eskola berriari bultzada” bat emateko erabili gura dutela gogoratu zuen Andoni Agirrebeitia alkateak erantzunen txandan. Era berean, “San Miguel kaleak azken 50 urteetan zer jasan duen kontuan hartuta, kale lasaiago bat bihurtzeko ordua dela uste dugu”.

HiriEkimeneko Alba Gutierrezen ustez, obrak egingo diren zatian “ez dago horrelako gastua justifikatzen duen hutsune urbanistiko eta egiturazkorik”. Gastu hori "ezin justifikatuzkoa" da. Horren ordez beste inbertsio posible batzuk zerrendatu zituen: Urritxeko bide-zoruaren egoera, Zubizabala eta Zubipunte lako auzoetako integrazio plana eta Santa Anatik anbulategi berrirako sarbide mekanikoa, besteak beste. Tantorta, Montorra, Legarregi… lako auzoetan ere “beharrizan handiagoak” daudela adierazi eta Larreako bidegorriak zein Etxanoko espaloiak "lehentasun handiagoa" dutela gehitu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!