Arreibin udalaren jabetzakoa den eraikin bat dago. Hiru solairu eta beheko planta ditu. 2008an Osakidetzak barnealdeko zerbitzuaren barruko antolaketa eredua diseinatu zuenean, bere bulego batzuk Arreibiko eraikin horretan jarri gura zituen, udalak utzita. Baina plan osoa gauzatzeak eragiten duen kostuagatik, batik bat, plana birdiseinatu egin dute. Diseinu berrian ez ditu Arreibiko azpiegiturak behar. 2014an goiko hiru solairuei uko egin zien eta aurtengo maiatzean beste hainbeste egin du beheko plantagaz. Ondorioz, udalak libre dauka eraikin osoa.
Orain bulegoak direnak etxebizitza ere bihurtu —plan berezi bat garatuta— eta salmentara bideratzeko asmoa du udalak. Hortik ateratako dirua musika eskola berriko finantziaziora bideratzea da asmoa. Horrela jaso zuten iazko abenduan onartutako aurrekontuetan.
Atzoko udalbatzarrean Osakidetzaren azken ukoaren —beheko planta— berri eman zuten. Ildo horretatik, EHBilduk espazio hori enpresa sortegi edo haztegi moduan erabiltzea proposatu zuen, Zornotzako Lanbide Heziketagaz koordinazioan jardungo lukeena. Enpresa haztegiak proiektu ekintzaileei aurrera egiteko baliabideak eskaintzen dizkien erakundeak dira: “Honekin autoenplegua sustatu ahalko genuke. Apirilean 1.065 langabetu zeuden Zornotzan. Ez dakigu horrelako ekimenak zer punturainoko onura ekar dezakeen, baina seguruenik hobetu dezake”, azaldu zuen Urko Lopez zinegotziak.
Era berean, goiko solairuetako zati bat pisu tutelatu bat egokitzeko erabiltzea ere proposatu zuen.