San Miguel kalea berriz urbanizatuko dute 1.276.000 eurogaz

Joseba Derteano 2017ko api. 1a, 09:30

Lanak amaitzean kalea zelan geratuko den erakusten duen irudia.

Osasun Zentro pareko biribilgunetik udaletxe ondoko biribilgunera arteko zatian izango dira lanak. Azaroan hastea eta 2018ko udaberrian amaitzea da asmoa.

Berrurbanizatu dituzten gainerako kaleetan erabilitako irizpide nagusi berari eutsi diote oraingoan ere: autoen aurrean, oinezkoari lehentasun handiagoa ematea. Horrela bidean asfaltu inprimatua jarriko dute eta espaloiak ideia horregaz berrantolatuko dituzte. “Trafikoa eta zarata baretzea” bilatzean dute lanek Andoni Agirrebeitia alkateak azaldu duenez.

1.276.000 miloi euro gorde dituzte proiektua gauzatzeko. 200.000 aurten dekretu bidez eta beste 1.076.000 euro datorren urterako konprometituta geratu dira atzoko udalbatzarraren ostean. Proiektuak hasierako onarpena jaso zuen EAJ eta PSE-ren aldeko botoekin. EH Bilduk eta HiriEkimenak kontra bozkatu zuten.

Arkupea

Eraberrituko den kale zati horretako alde batek berezitasun bat du: punta batetik bestera doan arkupea. Puntu beltzak ekiditeko, argiztapena da gune horretako lanak erabakitzeko orduan erabili duten irizpide nagusia. Horrez gainera, arkupearen barrualdeko eta kanpoaldeko espaloia maila berera ekarriko dituzte gaur egun dagoen koxka kenduta, eta labaintzeko arrisku txikiagoa duen zorua jarriko dute. Arkupeak duen tunel itxura txikiagotzeko, sabaia ez da leuna izango: egitura irregularra duen sabai aizunagaz mugimendu sentsazioa ematen saiatuko dira. Azkenik, zutabeek zer diseinu izango duten erabakitzen ari dira orain. Denak desberdinak dira, zein bere ezaugarriekin eta denentzako balioko duen irtenbide baten bila dabiltza.


Zebrabide berri bat eta argiztapena

Lanak amaitzean lau zebrabide egongo dira kale zati horretan, orain dagoena baino bat gehiago: Luxury taberna dagoen plazara daroan tunelaren parean jarriko dute zebrabide berria. Horrez gainera, Osasun Zentrora ematen duen biribilgunetik gertuen dagoen zebrabidea mugitu egingo dute: biribilgunera gerturatuko dute.

Argiztapenari dagokionez, orain eraikinetatik zintzilik dauden argiak kendu eta zoruan berriak jarriko dituzte. LED teknologiadun argiztapena erabiliko dute. Kalean orain dauden argilunak kentzea eta segurtasuna eta erosotasuna bilatzea dute helburu.

Taxi geltokia eta zakarrontziak

Taxi geltokia Gudari kaletik San Miguel kalera ekarriko dute; udaletxe parean egongo da, Durangorako noranzkoan. Zakorrontziei dagokionez, lurpera eramango dituzte.

Aparkaleku gutxiago

Berregituraketaren ondorioz galduko diren aparkatzeko plaza batzuk Gudari kalean, orain taxi gunea dagoen tokian, berreskuratuko dituzte. Hori eta guzti ere, aparkatzeko 15 bat plaza galduko direla kalkulatu dute. Ildo horretatik, herriko hainbat gunetan dauden aparkalekuak gogoratu dituzte. “300 bat plaza libre egoten dira egunero”.

Aparkaleku bi etorkizunean auto elektrikoak kargatzeko egokituko dituzte. Harguneak jarriko dituzte, behar denerako prest izateko. Bitartean ohiko aparkaleku moduan erabiliko dira.

Azkenik, kaleko azpiegiturak eraberritu eta aldatu egingo dituztela azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!