Supermerkatu berriak komertzio txikian eragin ditzakeen ondorioekin “kezkatuta” dago EH Bildu

Anboto 2016ko ots. 26a, 15:43

Gaurko udalbatzarreko irudia

Epe ertainean herriko komertzio txikietan izan ditzakeen ondorioak aztertu dituzten galdetu diote Gobernu Taldeari gaurko udalbatzarrean. EAJk euren diskurtsoan gezurrak esan izana leporatu dio EH Bilduri. HiriEkimenak uste du udalak galdeketa eta eztabaida prozesu bat sustatu beharko lukeela herritarren artean.

Gaurko udalbatzarreko eskaera eta galderen atalean EH Bilduk eta HiriEkimenak Eroskiren etorreraren gainean duten iritzia plazaratu dute. Orduerditik gora iraun du alderdi edo koalizio bien eta Gobernu Taldean dagoen EAJren arteko iritzi trukaketak. Batez ere EH Bildu eta EAJren arteko eztabaidak eragin ditu interbentzio gehien.

Eroskiren etorrerak herriko komertzioan eragin ditzakeen ondorioek “kezkatzen” dute EH Bildu: “Epe ertain eta luzean ekarri ditzakeen ondorioen gaineko proiekziorik egin du Gobernuak? Hau da, zenbat denda txiki itxi eta zenbat enplegu deuseztu daitezkeen? Hau da benetan kezkatzen gaituena”. Proiekzio hori eginda badu eta erakutsi ez badu “desleialtasunaren eta gardentasun faltaren” adibide direla gaineratzen du udalbatzar ostean EH Bilduk banatutako prentsa oharrak.

Gaindegiaren —Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia— datuen arabera “2010etik 2014ra, Hego Euskal Herrian, denda handiak eta txikiak bereizita, ia %10 jaitsi da hamar langile baino gutxiagoko saltokien kopurua. Denda txikien beheranzko joera aspalditik dator, bereziki, merkataritza gune handien hedapenaren ondorioz”, adierazi du Urko Lopezek. Zornotzara etorrita, herrian elikadurari lotutako 67 denda daude, horietako 62 denda txikiak direlarik. Datu horiek ikusita eta denda horiek, batez beste, 2-3 langile dituztela jakinda, “nahikoa da dozena bat elikagai denda ixtea, supermerkatuaren enplegu sorketaren pare geratzeko”. Supermerkatu berriak 40 bat langile izango ditu. Denak ez dira berriak izango, arduradunenak, birkokapenak izango direlako. Gainera, supermerkatu berriaren ondorioz herrigunean dagoen Eroskiren batek “errentagarritasun faltagatik itxi behar balu, logikoena bertako lan-bazkideak supermerkatu berrira mugitzea izan daiteke; beraz ez lituzke hainbeste lanpostu berri sortuko”.

Arauen aldaketa azaltzeko deitutako batzarra (gaur 13:00etan izan da) “bando batez bakarrik beharrean, interesatu denei gutun bidez abisatu behar zitzaiela uste dugu; horrek emango lioke aberastasuna eta indarra prozesuari”.

EAJk gezurrak esatea leporatu dio

Andoni Agirrebeitia alkateak gezurrak esatea leporatu dio: “Merkataritza gune handiak datozela diozunean gezurra esaten ari zarete. Soberan dakizue supermerkatu bat dela”. Ondoren, supermerkatuaren etorrera defendatzeko argudioak plazaratu ditu: “Zornotzarren %70a herritik kanpora joaten da erosketa handiak egitera. Guk nahi duguna da kanpora desplazatu barik, herrian bertan egin ditzatela erosketa horiek”. Supermerkatu berriak herriko denda txikietan izan dezakeen eraginaren gainean honakoa adierazi du alkateak: “Supermerkatu berrira joatea nahi dugun jende hori, dagoeneko gaur egun ere joaten da Bilbondora, Abadiñora edo beste tokietara”.

Bestetik, “kapaz bagara promotore pribatu batek —Eroskik— 800.000 euroko inbertsioa egitea auzune baten —Tantortan—, hori da kudeatzea; Zornotzako herritarrek ez dute euro bat jarri beharrik izango eta auzo baten hobekuntza ekarriko du”.

Arauen moldaketagaz sektore bi bakarrik garatu daitezkeela azpimarratu du. Eroskiz gainera, beste bat. Anartz Gandiaga zinegotziak ere “gezurrak eta egia erdiak” esatea leporatu dio EH Bilduri: “Guk ez dugu ezer ezkutatzeko”, azpimarratu du.

HiriEkimenak herritarrei galdetzeko eskatu du

HiriEkimenak ere gaiaren gaineko bere iritzia emateko baliatu du udalbatzarra. Abel Isasiren ustez Tantorta udalak “aspaldik” berritu behar zuen ingurua da eta “ez zen bertara doazen enpresen esku utzi behar”. Gainera Eroskik planteatzen dituen aldaketak “ez datoz bat auzokideen nahi eta beharrekin”.

HiriEkimenaren ustez Eroski bertan eraikitzeko udalbatzarrean onartu behar den arau subsidiarioen moldaketak “aldaketa nabarmenak ekarri ditzake gure udalerrira. Mega Park eta horrelakoak ekar ditzake gura herrira”. Horregatik, horrelako erabaki garrantzitsuak “ezin ditugu politikariok bakarrik hartu eta herriari galdetu behar zaio erabaki dezan”. Bide horretan zornotzarren artean gaia eztabaidatu eta galdetzeko prozesua hastea eskatu du: “Udalak egiten ez badu guk egingo dugu galdeketa hori eta gure zinegotzi bien botoa herriak erabakitzen duenaren aldekoa izango da”.

Andoni Agirrebeitiak beste behin ukatu du arauen moldaketak zentro komertzialei atea irekitzen dienik: “Hori batzuen imaginazioan bakarrik dago. Errealitatea ez da hori. Ezin daiteke Bilbondorik eta Abadiñon dagoenaren modukorik egon. Arauen moldaketak ez du hori ahalbidetzen”.

HiriEkimenak proposatutako prozesuaren inguruan honakoa adierazi du: “Zuek hori nahi duzuela? Ederto deritzot, baina ez da gure iritzia. Guk erantzukizun bat dugu eta hori asumituz lan egin dugu”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!