Musika Eskola berriaren proiektua aurkeztu du Javier de las Heras Solé arkitektuak

Anboto 2015ko mai. 22a, 14:06

Javier de las Heras Solé, ideia lehiaketaren irabazlea (erdian).

Javier de las Heras Solé arkitektu katalanak aurkeztu duen proiektua hautatu dute Zubiaur Musika Eskola berria eraikitzeko Zornotzako Udalak deitu duen ideia lehiaketan. David Latxaga alkateak, lehiaketaren epaimahaikideek eta De las Heras Solé arkitektuak agerraldia egin dute, gaur, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.

Udaleko arlderdi politikoen ordezkariek; Galarza, Mallagarai, eta Uriarte arkitektuek, eta Ruper Lekue Musika Eskolaren zuzendariak osatu dute epamahaia, eta aho batez iritzi diote arkitektu katalanaren Contrapunto izeneko egitasmoari aproposena.

Eider Galarza eta Jorge Mallagarai arkitektuek azaldu dituzte lehiaketara aurkeztu diren 39 proiektuen artetik De las Heras Solérena hautatzera eraman dituen arrazoiak. Izera bereziko eraikina izango den arren, De las Heras Solék eraikiko duen Musika Eskola berriak aldameneko Zelaieta zentroagaz sortuko duen batasuna azpimarratu dute epaimahaikideek. "Funtzionalitatea eta xarma berezia uztartzen" dituen eraikina dela azpimarratu du Galarza udal arkitektuak, eta Txiki Otaegi kaletik izango duen sarreragaz, "herria egituratzen" lagunduko duen eraikina izango dela azpimarratu du Mallagaraik.

"Gure arloan gauzak dauden moduan egonda, oso eskertzekoa da arkitekturaren arloko lehiaketa irekiak antolatzen jarraitzea", hasi du Javier de las Heras Solé arkitektuak bere aurkezpena. "Ilusio handia egiten dit Zornotzara lan hau gauzatzera etorri ahal izateak", gehitu du.

Eraikinaren ezaugarriak

Hiru solairuko eraikina izango da Musika Eskola berriarena, denera mila metro koadroko azalerakoa. Arkitektuak azaldu duenez, "beheko solairua Musika Eskolaren eta kalearen loturarako espazioa izango da: bertan egongo dira liburutegia eta administrazioa, eta baita, Zelaieta zentroaren eta eraikin berriaren arteko patio bat ere". Bigarren solairuan atonduko dute areto nagusia, eta espazio zabal eta argitsuetan kokatuko dituzte Musika Eskolako 450 ikasle hartuko dituzten ikasgelak.

David Latxaga alkateak aurkezpenean esan duenez, anbulategi berriko obrak amaitzerako, 2016ko abuzturako, proiektu hau gauzatzen hasi ahal izatea da Zornotzako Udalaren aurreikuspena. Gaurko agerraldian azaldu dutenez, oraindik proiektuak hainbat doikuntza jasango dituen arren, eta estimazio bat baino ez den arren, proiektu osoak (gaur egun osasun zentroa dagoen eraikina eraisteak, ingurua urbanizatzeak, eta eraikin berria altxatzeak) bi milioi euroko inbertsioa eskatuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!