Zaldua Saskibaloi Taldeko gizonek Bizkaiko liga irabazi dute eta emakumeak Lauko Finalera heldu dira

Anboto 2023ko mai. 16a, 12:00

Zaldua Saskibaloi Taldeko gizonen taldea. (Argazkia: Zaldua)

Gizonek etxean eskuratu dute lorpena.

Iragan asteburua berezia izan zen Zaldibarko Zaldua Saskibaloi Klubarentzat, gizonek nahiz emakumeek Lauko Finalak jokatu zituztelako. Gizonetan Zalduak lider moduan amaitu du Lehenengo Erregionaleko liga eta horri eskerrak Zaldibarren antolatu ahal izan zuen Lauko Finala. Finalerdietan Durangoko Anbotopeko kanporatu zuen eta finalean Orioak taldea. Liga irabazteaz gainera, mailaz igotzeko eskubidea ere eskuratu zuen, baina goragoko mailak dituen eskakizunengatik ez igotzea erabaki du. Eskakizunetako bat da gazteetan eta kadeteetan taldeak izatea eta, gaur egun, haur-kategoriako taldea bakarrik du Zalduak.

Zaldibarren 2017an berreskuratu zuten gizonen taldea. Harrezkero birritan lortu dute mailaz igotzea eta aurten ligako txapeldun geratu dira.

Emakumeak ere liga bikaina eginda sailkatu ziren Lauko Finalera. Kasu honetan, ezin izan zuten finalerdietako kanporaketa gainditu, Basaurin. Aipatzekoa da emakumeen taldeak azken urteetan egin duen bidea: iazko txapeldun geratu eta mailaz igo ziren, eta aurten Lauko Finalera heltzea lortu dute. Iazko lorpenarengatik jaien hasiera iragartzen duen txupinazoa bota zuten.

Emakumeen taldea

Zalduako emakumeen eta gizonen taldeak eta harrobiko taldea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!