Maiatzaren 9an, Bizkaiko Bigarren Erregionaleko Lauko Finala jokatu zen Zaldibarko kiroldegian, eta Zaldua, etxeko taldea, izan zen protagonista nagusia. Finalerdietan, Zalduak Portugalete kanporatu zuen eta Berrio-Otxoak Urdaneta. Ondorioz, Bizkaiko Lehenengo Erregionalera igo dira, denboraldi bikaina borobilduta. Liga osoan partidu bakarra galdu dute eta gainerako denak irabazi egin dituzte.
Zaldibarren iaz berreskuratu zuten emakumeen taldea eta entrenatzaile ikastaroa amaitu berri zuen Oscar Sanchezek lehenengoz hartu zuen talde senior baten gidaritza. Esperientzia gutxigaz izan bazen ere, sekulako errendimendua eskaini dute, liga osoan partidu bakarra galduta.
Ingrid Herreros taldeko kapitaina pozik dago txupinazoa jaurtitzeagaitik. "Oso pozik gaude txupinazoa jaurtiko dugulako, batez ere zaldibartarrak garen jokalariok. Denboraldi honetan mailaz igo direla eta, gustura daude taldekideak. "Oso urte polita izan da. Bost urte jokatu barik egon eta gero, taldean hasi nintzen berriro eta ez nuen espero denboraldia horrela amaitzea", gaineratu du Herrerosek.
Jaietan parte hartuz
Kirolak protagonismo handia izaten du Zaldibarko jaietan. Zaldua pilota taldeak antolatuta, profesional mailako partiduak izango dira gaur. Lau t'erdian, Erik Jakak eta Jon Ander Peñak indarrak neurtuko dituzte. Binaka, Unai Lasok eta Aitor Arangurenek Asier Agirreren eta Jon Ander Albisuren kontra jokatuko dute. Ekainaren 30ean ere pilota partiduak izango dira. Egun horretan, Aimar Morgaetxebarriak afizionatuetako azken partidua jokatuko du. Uztailaren 1ean, Durangaldeko gazte mailako finalak jokatuko dituzte. Ondoren, emakumeen senior mailako pilota partidua izango da.
Kontzertuak txosnagunean
Txosnagunerako hainbat kontzertu antolatu dute. Uztailaren 7an, Worth It talde berriztarrak hardcore musika joko du. Ondoren, DJ Zaukena Zauken txanda izango da. Bestalde, uztailaren 8an Keike eta KOP talde katalana arituko dira txosnetan. Uztailaren 9an, Altxaporru taldeak erromeria doinu dantzagarriak joko ditu.