Urko Zamakona (Durango, 1986) taldeko kapitaina eta jokalari beteranoetakoa da. Tabirakon ibilitakoa da, eta talde berriaren sorreran parte hartu zuen. Zaldibarko, Durangoko —batez ere Tabirakoko— eta Ermuako jokalariak batu zituzten abentura berriari ekiteko. Taldearen bihotza gazteak direla azaldu du. “Maila dezentea duten gazteak daude. Oro har, talde gaztea gara. Jokalari gehienek 24 urtetik behera dituzte eta 16 urteko bat ere badabil gugaz”, adierazi du. Hain zuzen, jokalari gazte horiei mailaz igotzea ondo etorriko litzaiekeela uste du. “Maila oneko jokalariak dira eta igotzea behar dute, jokalari moduan euren garapenagaz jarraitzeko. Klubari ere ondo etorriko litzaioke”, esan du.
Hasieratik, indartsu
Iaz, normala den moduan, martxa hartzea kostatu zitzaien, eta horrek mailaz igotzea eragotzi zien. “Jende berri asko geunden eta ez genuen elkar ezagutzen. Lehenengo itzulian partidu dezente galdu genituen. Ondoren, beste gazte batzuk etorri zirenean, gora egin genuen eta bigarren itzulian apenas galdu genuen partidurik, baina igoeraren atarian geratu ginen”, gogoratu du Zamakonak.
Aurten, konfiantza handiagoagaz, denboraldi hasieratik egurrean dabiltza eta igoera postuan daude. “Erritmoan eta intentsitatean dago gakoa. Egunetik egunera hobeto gabiltza”, dio Zamakonak.