Orobiogoitian zein jantoki mota duzue?
Iurretan, Maiztegi herri eskolan jantokia dago. Orobiogoitia institutuan, ostera, ez dago sukalderik. Egunero ekarritako eta aurretik egindako janaria jaten dute. Bertan berotu eta banatzen dute janaria. Onartuta dago sukaldea eraikitzea, eta Eusko Jaurlaritzaren planen arabera, aurten egingo dute.
Pozik hartu duzue albistea?
Berton Bertokoaren irizpide batzuk argi izan ditugu beti. Lehenengo, oinarrizkoa da eskola bakoitzak bere sukaldea izatea. Alferrik gabiltza bertoko produktuak eskatzen janaria beste nonbait prestatzen bada. Orain urte bi horixe eskatu genuen. Gure haurren elikaduraren arloan horixe da garrantzitsuena. Institutuan orain bizi dugun egeragaz ordutegi trinkoa dute eta 32-33 geratzen dira bazkaltzera.
Maiztegitik Orobiogoitiara pasatzerakoan, gazteek igarriko dute aldea jantokian?
Alde izugarria dago. Maiztegin oso ondo jaten da. Hobetu daiteke, jakina, baina beti egon gara oso gustura. Bat-batean gure seme-alabak Orobiogoitiara pasatzen dira eta ez dute ezer ere jakin gura jantokiaz. Saltoa handia da. Momentuan egindako janaria jatea eta catering zerbitzua ezin dira alderatu.
Zentroko arduradunekin elkarlanean zabiltzate?
Zentroko arduradunak eta gurasook bat gatoz gai honetan. Inoiz koordinazio arazoak izan ditugu, baina hezkuntza komunitate osoa ados dago, sukaldea ipintzea garrantzitsua delako. Guraso elkarteak, zuzendaritzak eta eskola kontseiluak beti babestu izan dute Berton Bertokoa ekimena. Horrek ere indarra ematen du aurrera egiteko.
Beste guraso batzuen iritziak ere jaso ditugu:
- "Zelaietatik Abadiñoko institutura doazenek asko igartzen dute kalitate baxuagoa catering-eakoa jaterakoan" (Elixabete Agirre. Abadiñoko institutuko gurasoa)
- "2019ko azaroan jantokia eraikitzea eskatu genuen; oraindino ez dugu erantzunik jaso"(Ibon Arana. Traña-Matienako eskolako gurasoa)
- "Jantokia umeentzako hezteko leku bat izan beharko litzatekeela uste dugu" (Gaizka Agirreaurre. Durangoko Zabalarra eskolako gurasoa)
- "Oso pauso garrantzitsua da, baina ez gara hemen geratuko. Hobetzen jarraitu gura dugu"(Segio Gallego. Zaldibarko eskolako gurasoa)
Erreportaje nagusia: