Eskola elikadura

"Jantokia umeentzako hezteko leku bat izan beharko litzatekeela uste dugu"

Anboto 2021ko ots. 12a, 09:30

Gaizka Agirreaurre, Zabalarrako (Durango) gurasoa. 

Zein aurreikuspen duzue jantokiari buruz?
Sukaldea eraikitzeko eskaria onartu da Hezkuntza Saileko azpiegitura planean. Noiz eraikiko zain gaude. Ematen du uda honetan ez dela egingo. 2022ko udan eraikiko litzateke.

Zelako jantoki zerbitzua duzue momentu honetan Zabalarran?
Guk ez daukagu sukalderik. Office bat daukagu. Catering enpresak janaria ekartzen du eta office horretan bero mantentzen da. Garbiketa guztia egiteko, harraskak eta horrelakoak ere baditugu.

Zein elikadura mota gura duzue zuen umeentzat?
Berton Bertokoa ekimenaren barruan sartuta gaude. Gaur egungo kudeaketa eredua aldatzea eskatzen dugu. Gainera, hurbileko produktuak sartu beharko lirateke. Hurbileko nekazari, abeltzain, arrantzaleenak... Momentu honetan ez dakigu janaria nondik datorren, zenbat denbora daraman izoztuta... Guk kontrakoa gura dugu, bertokoa eta sasoiko produktua. Horrez gainera, umeentzako hezteko leku bat izan beharko litzatekeela uste dugu. Zelan jan, noiz den jaki bakoitzaren sasoia... Hori guztia eskolak barneratu beharko luke eta hezteko leku bat izan.

Zenbat menu banatzen dituzue egunean?
HHko eta LHko 290 umek jaten dute jantokian.

Beste herriekin batera eskatu duzue sukaldea eraikitzea. Zuena 2022an izango da.
Zabalarrarekiko begirune apur baten falta igartzen dut. Beste zentro batzuetan aurten eraikiko dituzte sukaldeak, baina Zabalarran ez. Eta eskariak denak batera egin ziren. Uste dut beste begi batzuekin begiratzen dutela. Abiadura berdinean joatea gustatuko litzaiguke.

Beste guraso batzuen iritziak ere batu ditugu:

Erreportaje nagusia:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!