Iragarpen honek Berton Bertokoa dinamikak urte luzez egindako eskarietariko bati eragiten dio. Dinamikako kideek hainbat bider aldarrikatu dute eskoletan sukaldeak ipintzea, eta, azkenean, badirudi eskari horiek isla dutela Hezkuntza Sailaren asmoetan. Alex Azpiri (Arrigorriaga, 1977) Berton Bertokoa dinamikako kidea eta Atxondoko eskolako gurasoen elkarteko kidea da. Bere esanetan, Jaurlaritzak iragarritako asmoa "ona" da, betiere, iragarritakoa betetzen bada. "Berbetatik ekintzetara pasatzea da kontua", adierazi du. "Sukalde horiek egin arte ez gara erlaxatuko", dio. Eta zergaitik da esanguratsua albistea? Bada, eskoletan sukaldea ipintzeak ate bat zabaltzen diolako umeen menuak eskolan bertan kozinatzeari. Gaur egun, errealitate hori ez delako Durangaldeko ikastetxe publiko guztietan bermatzen. Mallabiko, Elorrioko eta Berrizko ikastetxeetan adibidez, bai. Bertan kozinatzen dituzte ikasleentzako menuak. Ostera, Traña-Matienan, Atxondon, Zaldibarren, eta Durangoko Zabalarran, ez. Catering enpresa batek eramaten du jatekoa ikastetxe horietara. "Gaur egungo errealitatea da sukalderik ez daukagun eskoletan catering enpresa batek ekartzen duela jatekoa, goizeko lehenengo orduetan. Kamioi bat etortzen da zelanbaiteko tuper erraldoiekin eta jatekoa banatzen du eskoletan. Baina zein da hor datozen produktuen jatorria? Misterioa da", azaldu du Azpirik. "Eskualdean kexa asko egon dira janariaren inguruan, eta azalpenak eskatu izan direnean ez da erantzunik egon", kexatu da.
Horregaitik, jatekoa eskolan bertan prestatzeak elikaduraren kalitateari, tokiko ekoizpenari eta sasoiko produktuei heltzea erraztuko duela uste du Azpirik. Iritzi berekoa da Atxondoko eskolako zuzendari Itxaso Egidazu (Elorrio, 1980). "Sukaldea ipinita, ikastetxeak irabazi egingo duelakoan nago. Kalitatean irabaziko dugu. Eta kontuan hartuta ikasleen otordu nagusia bertan egiten dutena dela, zenbat eta kalitate gehiagokoa izan, orduan eta hobeto", dio.
Horrez gainera, eguneroko martxan irtenbide praktikoak aurkitu ahalko dituztela ere gaineratu du Egidazuk. "Aurrez adostutako menuekin guztia itxita duzu. Sukalde bat ipinita, momentuan kozinatzen duzu, eta beste askatasun bat ematen dizu xehetasunetan sartzeko. Demagun espagetiak tomateagaz egiten ditugula. Baten batek dena delakoagaitik tomaterik barik gura baditu, sukaldea izanda bertan egosiko genuke pasta apur bat. Txikikeriak dira, baina halako txikikeriekin askoz ere irtenbide praktikoagoak topatu daitezke egunerokoan. Gainera, kalitatean irabaziko litzateke", azaldu du.
Sukaldeak eraikitzea udan aurreikusita dagoen arren, momentu honetan honela daude kontu teknikoak: Iurretako Juan Orobiogoitia institutuko eta Zaldibarko eskolako sukaldeen proiektuak idatzita daude. "Eskola horietan, enpresa kontrataziora ateratzea eta obrak egitea falta da", dio Azpirik. Atxondon, "proiektua idazteko prozesua bere amaierara ailegatzen dabil. Atal batzuk amaituta daude eta beste batzuk ez", jakinarazi du Itxaso Egidazuk. Durangoko Zabalarra eskolaren kasuan, Hezkuntza Saileko arkitektoa joan da eraikina ikuskatzera, baina oraindino ez dute kanpoko arkitektorik kontratatu. Azkenik, Traña-Matienako eskolaren kasua ere aipatu beharra dago. Sukaldea ipintzeko eskaria gainerako ikastetxeek baino geroago egin zutenez, Hezkuntza Sailak oraingoz ez du bertan sukalderik ipintzea aurreikusi. Horregaitik, Traña-Matienan sukaldea ipintzeko proiektua Zabalarrakoagaz batera egitea eskatzen dute Berton Bertokoako kideek.
Tokikoa eta sasoikoa
Ikastetxeetan sukaldeak ipintzeko erabakia hartuta, badirudi Hezkuntza Sailak norabide aldaketa bat marraztu duela eskola elikaduraren ereduan. 2019-2023 Azpiegitura planera jotzea nahikoa da hori sumatzeko. "Lekuan lekuko sukaldeen pixkanakako berreskuratzea" bultzatuko duela dio Hezkuntza Sailak, eta honako pasarte hau ere jasotzen du: "Azken urteotan geroago eta gehiago baloratzen da familien artean eskola-bazkaria eskolan bertan prestatuta izatea". Horrenbestez, badirudi Berton Bertokoa dinamikaren eskariek eta Jaurlaritzaren asmoak sintonizazio bat hasi dutela.
Dena dela, sukaldeak ipintzea lehenengo harria lirateke etorkizuneko elikadura ereduaren bidean. Horren ostetik, eszenatoki berri bat etorriko da. Elikagaien jatorriari, kalitateari eta sukaldeen kudeaketari buruzko eztabaida, hain zuzen ere.
Ikasleen gurasoen iritziak ere jaso ditugu erreportaje honetan. Hona hemen loturak:
- "Institutuko hezkuntza komunitate osoa ados dago, sukaldea egitea garrantzitsua delako" (Iñako Gurrutxaga. Iurretako Juan Orobiogoitia institutuko gurasoa.
- "Zelaietatik Abadiñoko institutura doazenek asko igartzen dute kalitate baxuagoa catering-eakoa jaterakoan" (Elixabete Agirre. Abadiñoko institutuko gurasoa)
- "2019ko azaroan jantokia eraikitzea eskatu genuen; oraindino ez dugu erantzunik jaso" (Ibon Arana. Traña-Matienako eskolako gurasoa)
- "Jantokia umeentzako hezteko leku bat izan beharko litzatekeela uste dugu" (Gaizka Agirreaurre. Durangoko Zabalarra eskolako gurasoa)
- "Oso pauso garrantzitsua da, baina ez gara hemen geratuko. Hobetzen jarraitu gura dugu" (Segio Gallego. Zaldibarko eskolako gurasoa)