Bestalde, EH Bilduk salatu du gai ordenean gai bi sartzea eskatu zutela eta, "teknizismo bat baliatuz", horietako bat ez dela jaso. "Gardentasunaren izenean deitzen omen du osoko bilkura, baina gai zerrendatik puntuak ezabatzea “gardentasuna” al da?", galdetu dute ohar batean. Dena den, nabarmendu dute, bai udal idazkariaren kargu uztearen inguruan bai idazkari berriak beste udal batean betetzen duen eginkizunari metatuta Iurretan jarduteari buruzko azalpenak exijituko dituztela.
Iurretako EH Bilduri "deigarria" egin zaio, bestalde, alkateak osoko bilkurak era telematikoan egiteko erabakia hartu izanari, "orain arte udaleko batzorde eta bilkurak era guztiz presentzialean egin ditugunean". Horren harira, "joan zen barikuan bertan helarazi genion osoko bilkurak presentzialki eta osasun neurri guztiak errespetatuz egin ahal izateko gure proposamena", argitu dutenez. "Osoko bilkurak publikoak dira, eta publikotasun hau bermatzea ezinbestekoa da, hala nahi duten herritarrek zein kazetariek bilkura jarraitzeko aukera izan behar dutelarik", diote.