[BIDEOA] Elorrioko emakume beteranoek futbol klubaren mendeurrena ospatu dute

Anboto 2024ko eka. 22a, 14:53

Goizean Elorrioko eta Zumaiako beteranoek lagunartekoa jokatu dute Eleizalden. Arratsaldean herrigunera tokialdatu da jaia kalejira eta herri bazkariarekin.

Elorrio futbol kluba mendeurreneko ospakizunetan murgilduta dago. Maiatz amaieran gizon beteranoen triangularra jokatu zuten Eleizalden Elorrio, Eibar eta Athletic taldeekin. Gaur emakumeen txanda izan da. 90eko hamarkada hasieran sortu zuten emakumeen taldea eta lehen talde hartako jokalariak nahiz ondorengo urteetakoak batu dira gaur Eleizalden Zumaiaren kontrako lagunartekoa jokatzeko.

1969an izan zen emakumeen partiduren bat Elorrion eta trofeoren ere jokatu zuten, baina ez zuen jarraipenik izan. Beraz, ofizialki 1991/92 denboraldikoa da emakumeen lehenengo taldea. Orduan, Lourdesko Ama ikastetxeko kantxan entrenatzen ziren. Federatzea erabaki eta klubera joan ziren ideia horrekin. Hurrengo urtean estreinatu ziren ligan Elorriorekin, 1992/93 denboraldian. Jose Zenitagoia eta Ander Olaetxea izan ziren lehen talde hartako entrenatzaileak. Susana Samaniego elorriarra, berriz, talde hartako kapitainetako bat izan zen eta zazpi-zortzi denboraldi eman zituen bertan. Lehen urte haiek gogoratu ditu. "Modu naturalean eman zen guztia. Ahoz ahokoak ondo funtzionatu zuen eta entrenatzen hasi ginen. Jokalari denok sasoi hartako oroitzapen oso onak ditugu.  Lagun handiak egin genituen taldean eta koadrilla asko sortu ziren".

Harrezkero ia 25 urte joan dira eta aurrepausoak begibistakoak dira. Elorrioko emakumeen taldea Euskal Ligako onenen artean ibiltzera ohitu da eta 2023an sekulakoa egin zuen Euskal Kopa irabazita. Elorriok harrobiari ere harrotasunez begiratzen dio Zaldibarko Zalduarekin batera martxan duen Biak Bat klubarekin.

Gaurko ospakizuna ez da futbol zelaian amaitu. Ondoren, herrigunera joan dira kalejiran eta denek elkarrekin bazkaldu dute. Arratsaldean musika egongo da.

Elorrioko emakumeen lehen taldeko jokalari eta entrenatzaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!