Arrakastarako ez dago errezeta konkreturik, Biak Bat elkarteko koordinatzailea den Sergio Martinen esanetan. Proiektuagaz "oso konprometituta" dagoen lantalde bat eratzea "funtsezkoa" izan da. Hortik aurrera, jokalari eta gurasoekin duten tratuan dago gakoa. "Jokalari gazteengandik eta euren gurasoengandik gertu egoten ahalegintzen gara. Jendea gustura dago eta ahoz ahokoak ezin hobeto funtzionatu du", esan du Martinek. Elorrioko eta Zaldibarko jokalariak ez ezik, Abadiñoko, Atxondoko, Zornotzako, Ermuko eta Eibarko jokalariak ere badituzte, proiektua geroago eta gehiago zabaltzen dabilen erakusle.
Sarritan, neska gazteak kirol batera erakartzea baino gatxagoa izaten da epe luzera begira mantentzea, batez ere adin jakin batera heltzen direnean. Baina Biak Baten ez dute horren arazorik oraingoz. "Egitasmoa hasi genuenetik hona, hiru-lau neskak baino ez dute utzi. Hori albiste ona da guretzat. Etortzen direnak geratu egiten dira, zorionez", azaldu du Martinek. Hori horrela izan dadin, eguneroko lanean formakuntzaren eta dibertsioaren arteko oreka bilatzen ahalegintzen dira. "Futbolari lez garatzea, balioak ikastea eta ondo pasatzea, hirurak bata besteagaz lotuta daude. Ikasten duten bitartean familia giroan sentitu daitezen ahalegintzen gara", gaineratu du Martinek.
Hainbeste neska dutenez, azpiegiturak txiki geratu zaizkie eta lankidetzak bilatu dituzte emakumeen talderik ez duten klubekin. Gaur egun, Abadiñoko eta Berrizko futbol zelaietan ere entrenatzen dira.
"Erregional mailako talde bat sortu gura dugu"
Harrobia lantzen duen edozein klubentzat umetatik nagusietara arteko maila guztietan talde bat izatea da egoerarik idilikoena. Horrela, jokalariak komeni den abiaduran hezten joan daitezke, kategoriarik kategoria salto txikiak emanda. Bide horretan, jokalarien azken jomuga Elorrio da, seniorretan emakumeen talde bi ditu eta; nagusia, Euskal Ligan. Lehenengo Erregionaleko taldea bigarrenera jaitsi zen iaz, baina berriro lehenengora igoko den esperantza dute. Ligan, orain arte jokaturiko partidu biak irabazi dituzte. "Kasu hori gertatzen bada, Biak Baten talde bat sortu gura dugu Bigarren Erregionalean jokatzeko. Horrela, seniorretako maila guztietan edukiko genituzke taldeak Euskal Ligaraino, eta neska gehiagorentzat egongo litzateke tokia", azaldu dute Biak Bateko koordinatzaile Sergio Martinek eta entrenatzaileen koordinatzaile Rober Fernandezek. Epe luzeagora begira, beste amets bat dute: "Durangaldeko klub bat sortzea". |
Biak Batek bere ereserkia du, Erkiagari eta Quesadari eskerrak
Biak Batek bere ereserkia izango du denboraldi honetatik aurrera. Kirol elkartearen proposamena onartuta, Abadiñon bizi den Iraitz Erkiagak eta Mikel Quesada elorriarrak sortu dute abesti berria. Letra Erkiagarena da eta Sugoi taldeko gitarrista den Quesadak ipini du musika. Joan zen domekan, Zalduako eta Biak Bateko taldeak aurkezteko ekimenean, klubak omendu egin zituen eta bertaratu zirenen txaloak jaso zituzten. |