Elorrio Futbol Klubak 100 urte egin dituela ospatzeko, egun osoko jaia antolatu dute zapaturako

Joseba Derteano 2024ko eka. 21a, 12:00

Elorrioko, Eibarko eta Athleticeko beteranoei Agurra dantzatzen, maiatz amaieran Eleizalden egindako txapelketan.

Emakumezko jokalari ohien partidu bategaz hasiko dute eguna, eta bazkari herrikoiagaz eta musikagaz amaitu.

Elorrio Futbol Klubeko arduradunek taldearen 100. urteurrena ospatzeko ekitaldi sorta aurkeztu zuten martxoan, Arriola antzokiko ekitaldi batean. Ekitaldi nagusietariko bat zapatu honetakoa da. Egun osoko jaia antolatu dute eta ospakizuna kalera aterako dute. 

Eguna futbol partidu berezi bategaz hasiko dute. Eleizalde zelaian, emakume jokalari ohien arteko partidua izango da, 11:00etan. Sarrera doakoa da. Ondoren, jaia herrigunera zabalduko dute, trikipoteo baten bitartez. Plazan umeentzako jolas parkea egongo da eta, 15:00 inguruan, hantxe bertan bazkalduko dute, denek elkarregaz. Azkenik, DJ bik girotuko dute arratsaldeak: Vinilo HD-k eta Delkok. 

Ekimenak urte osoan 

Zapatukoa urteurren festa ospatzeko antolatu duten ekitaldi sorta zabal baten parte da. Esaterako, maiatz amaieran, Elorrioko, Athleticeko eta Eibarreko beteranoek hiruko txapelketa bat lehiatu zuten Eleizalden. Omenaldiak eta dantzak ere izan ziren partiduen artean. Elorrioko Filatélica eta Numismática elkarteak ere bat egin du ospakizunagaz.

Aurtengo erakusketa futbolari buruzkoa da eta Iturri Kultur Etxean bisitatu daiteke, ekainaren 29ra arte. Gainera, klubaren mendeurrena oinarri duen zigilua atera dute. Astelehenean, Correoseko langileek elementu horiekin zigilatu zuten filatelia-materiala, eta Elorrioren mendeurrena mundu osora hedatuko da horrela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!