Elorrio Futbol Klubak mendeurrena ospatzeko ekitaldi sorta aurkeztu du: partidu bereziak, erakusketa, liburua, jaietako pregoia…

Anboto 2024ko mar. 4a, 15:56
Maider del Rio, Manu 'Txolo' Garcia eta Olivia Rayo joan zen barikuan, Arriola Antzokiko ekitaldian. (Argazkia: Bizkaiko futbol federazioa)

Ospakizuna herri osora zabaltzea dute helburu.

Elorrio Futbol Klubak 100 urte betetzen ditu aurten. Arin esaten da, baina ez da edozelako lorpena. Bizkaiko klubik beteranoenetakoa da. Horregatik, mendeurrena merezi moduan ospatzeko ekitaldi sorta antolatu dute. Joan zen barikuan iragarri zituzten ekimenak, Arriola Antzokian egindako ekitaldian.

Ekimen batzuek data zehatz bat dute. Martxoaren 22an Korrika Elorriotik igaroko da eta futbol klubak bertan parte hartuko du. Maiatzaren 25ean, Athletic, Eibar eta Elorriok torneo bat jokatuko dute Eleizalden. Ekainaren 22an, berriz, emakumezko jokalari ohien partidua antolatuko dute. Partidu horren ostean, herrigunera joango dira txaranga batek lagunduta eta ospakizuna herri osora zabalduko dute: herri bazkaria, haur-parkea, musika… Esandakoaz gainera, urteko astebururen batean Elorrioren historiako lehenengo partidua errepikatuko dute: Elorrio-Gernika.

Beste ekimen batzuk orokorrak dira edo urte osoan luzatuko dira. Esaterako, emakumeen eta gizonen partidu askotan ohorezko sakea egingo dute kluba handi egiten lagundu dutenek. Bestalde, urte osoan zehar argazki zaharrekin osatutako erakusketak egongo dira herriko tabernetan; ekainean, Iturri kultur etxean egongo da ikusgai. Horrez gainera, klubaren 100 urteko historia jasoko duen liburu bat ere argitaratuko dute. Igor Basterretxea eta Imanol Tabera historialariak dabiltza zeregin horretan. Azkenik, mendeurreneko abesti bat sortuko dute.

Elorrioko jaietan hainbat ekintza antolatzeko asmoa dute. Besteak beste, jaietako pregoia irakurtzea egokituko zaiela aurreratu zuten.

Amaitzeko, urteurrena ospatzeko ideiaren edo proposamenen bat duenarentzako atea irekita dutela adierazi zuten.

Zorion mezu bereziak

Futbol munduko hainbat pertsona ezagunen zorion bideoak eskaini zituzten Arriolako ekitaldian: Javier Clemente, Iñigo Martinez, Iker Muniain, Dani Vivian… Zorion agurretan bitxiena, beharbada, Mikel Oiartzabalena izan zen. Realeko jokalari eibartarraren ama elorriarra da.

Ekitaldian zehar klubeko zuzendaritzako hiru kidek hartu zuten hitza: Manu ‘Txolo’ Garcia presidenteak, Maider del Riok eta Olivia Rayok. "Kirol arloan ez ezik, baloreak lantzen jarraitzeko konpromisoagaz dihardugu lanean", adierazi zuen Garciak. Harrobiko ume eta gazteen ongizatea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta euskara dira klubeko beste hiru ardatz.

Bizkaiko Futbol Federazioko presidente Iñaki Mardonesek oroigarri bat eman zion Elorrio Futbol Klubari 100. urteengatik. (Argazkia: Bizkaiko Futbol Federazioa)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!