Izaskun Agirre Elorrioko Merkatari Elkarteko (EME) kideak dioenez, merkataritza orokorrean sasoi kezkagarria bizitzen ari da, eta Elorrio ez da salbuespena. "Denda batzuk aurrera doaz beste pertsona batzuek hartu dituztelako, baina beste batzuk itxita geratuko dira". EME elkarteko kideek errelebo falta igartzen dute komertzioetan. Hemendik hamar urtera, merkatarien belaunaldi handi bat jubilatzen denean, tokiko merkataritzagaz gertatu daitekeenagaz arduratuta daude EMEn.
Udaleko laguntza
Errelebo horretan bultzada emateko asmoz, Elorrioko Udalak diru laguntza emango du hutsik dauden merkataritzako lokalak berraktibatzeko. Helburu horregaz, udalak 15.000 euroko diru atala onartu du. 2021eko abenduaren 31ra arte eskatu ahal izango da. Udaletik azaldu dutenez, ekintzaileek gehienez 4.000 euro jaso ahal izango dituzte jardueraren lehenengo urtean sortutako gastuak ordaintzeko. Laguntza hori positiboa dela diote EMEtik. Gaineratu dutenez, merkatari berriek aholkularitza ere behar izaten dute.
Sareko salmentak
Sareko salmentek kalte handia egin diete tokiko merkatariei. Erosketa mota horrek lan prekarioak sortzen dituela dio Agirrek. Hala ere, jendeak tokiko merkataritza eskertzen eta baloratzen duelakoan dago. "Itxiera perimetrala egon denean ikusi dugu jendeak herrian erosi duela, Bilbora eta beste leku batzuetara erosketak egitera joan beharrean", gaineratu du Agirrek. "Konfinamendu ostean jendearen elkartasuna nabaritu genuen. Hunkituta zeuden denda asko itxita eduki genituelako, eta guri laguntzeko prest zeuden", gogoratu du.
Izaskun Agirrek etxerako gauzak saltzen ditu Izara dendan. Toallak, izarak... Merkatarien artean emaitzak desberdinak izan dira sasoi honetan, negozio motaren arabera. "Etxean denbora askoan egon garenez, ikusi dugu zerk falta egiten zigun, eta, nire arloan, aspaldian mugitu ez dena mugitu da. Zapata denda eta arropa dendetakoek ez dute berdina esango, ez dugulako etxetik irten. Arlo honetako dendok igarri genuen igoera".
Ostalaritzaren ordutegi murrizketek merkataritzan duten eragina ere azpimarratu dute EMEtik: "Dendok betiko ordutegia dugu, baina ostalaritzan murriztu egin da. Arratsalde eta gauetan itxita egoteak eragina izan du".
Honako merkatari hauek itxi dituzte ateak:
- Montse lurrin-dendako Montserrat Urizarrek
- Abebaso harategiko Kontxi eta Bego Urizarbarrenak
- Kamikopiak kopistegiko Julio Kamiruaga "Pipas"-ek
Honako hauek hartu dute erreleboa:
- Guergue arraindegiko Rosi Retolazak eta Iratxe Unzuetak.