50 urte egin dituzu dendari. Zelan joan zaizu?
Pozarren nago urte hauetan guztietan egindako ibilbideagaz, lanera beti oso pozik etorri naiz eta. Uste dut zorte itzela izan dudala, herritarrak oso ondo portatu dira nigaz eta oso hartu-eman politak egin ditut. Bezeroak lagunak izan dira niretzat.
Dendaren 50 urteko ibilbidean, oso une gogorra ere bizi izan nuen, 30 urtean lankide izan nuen Ana Epelde hil egin zen-eta gaixotasun baten ondorioz. Hori kolpe itzela izan zen niretzat, hartu-eman zoragarria nuen beragaz eta.
Zuretzat bezeroak lagunak direla diozu.
Horrela da, bai. Gure bezeroek ezkontzaren bat, bataioren bat edo dena delakoren bat zutela, bertara etortzen ziren. Geneukan onena eskaintzen genien beti, euren gustuen arabera. Bezeroen eta gure artean konfiantza handia sortzen zen, dena partekatzen genuen.
Orain aste batzuk, dendaren aurreko aldea kartelez josita zegoen. 'Eskerrik asko, Montse' eta horrelakoak ageri ziren. Nork egin zituen kartelak?
Azken urte bi hauetan, Itziar Azkarragaurizar egon da nigaz dendan, eta berak egin zituen kartelak. Itziar oso langile ona izan da guretzat, artista bat da eta izugarri balio du. Berak egindako kartelek ilusio itzela egin zidaten.
Herri txiki bateko dendaria izateak asebete al du Montse?
Nik beti esaten dut gauza bera: berriro jaioko banintz ofizio berdina aukeratuko nuke, eta Elorrion. Benetan eskertuta nago.
Orain elorriarrak esku onetan gaude, hortxe daukagu-eta Anitha Mol-en denda.
Honako beste merkatari hauek ere itxi dituzte ateak:
- Abebaso harategiko Kontxi eta Bego Urizarbarrenak
- Kamikopiak kopistegiko Julio Kamiruaga "Pipas"-ek
Honako hauek hartu dute erreleboa:
- Guergue arraindegiko Rosi Retolazak eta Iratxe Unzuetak.