Bizi osoa harategian eman duzue.
B.U.: Bai, lau neba-arrebetatik zaharrenak gara, eta familiako harategian laguntzea egokitu zitzaigun guri. Ni 13 urtegaz hasi nintzen harategian gurasoei laguntzen, ofizioa ikasten, eta 65 urte pasatxogaz erretiratu nintzen. Kontxi ere gazterik hasi zen eta bera ere 65 urte pasatxogaz erretiratu da.
Zuen harategia belaunaldi bian egon da zabalik. Ez zaizue erreleborik etorri atzetik?
K.U.: Ez. Nik alaba bi dauzkat eta argi esan zidaten ez zutela harategiagaz ezer jakiterik gura. Begok ez du seme-alabarik, eta, beraz, amaitu da, akabo. Lastima da orain lokala horrela ikustea, baina atzetik ez daukagu inor.
Zelako balorazioa egiten duzue?
B.U.: Oso balorazio ona, oso pozik egon gara eta pilo bat saldu dugu. Hala ere, egia esan, lan asko egin dugu, ordu asko sartu ditugu bertan. Denda itxita geneukan orduetan ere, kalean jendea ikusi eta enkarguak jasotzen genituen. Hala ere, dena positiboa izan da eta gure barruan hainbat bizipen eta istorio daramatzagu.
K.U.: Negozio honetan eguneroko kontaktua izaten duzu jendeagaz, eta asko ikasi dugu herritarrengandik.
B.U.: Urte hauetan guztietan argi ikusi dugu negozioa pertsonekin egiten dela. Gaur egun, ostera, komertzio askok ez dute horrela egiten.
Zelan ikusten duzue komertzio txikiaren etorkizuna?
K.U.: Jenderik gehiena merkataritza-gune handietara doa, eta horrek komertzio txikiak galtzea dakar. Komertzio txikiaren alde egin beharko litzateke apustu, osterantzean herriek bizia galduko dute eta.
Honako merkatari hauek itxi dituzte ateak:
- Montse lurrin-dendako Montserrat Urizarrek
- Kamikopiak kopistegiko Julio Kamiruaga "Pipas"-ek
Honako hauek hartu dute erreleboa:
- Guergue arraindegiko Rosi Retolazak eta Iratxe Unzuetak.