Gaurtik 2021eko urtarrilaren 26ra arte, udalerrian lan egiten duten autonomoentzako eta mikroenpresentzako diru-laguntzak eskatu ahal izango dira Elorrion. 100.000 euroko diru-atala bideratu dute zeregin horretara.
Udalak, 2020ko apirilaren 1etik irailaren 30era bitarteko aldiari dagozkion eta diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 finantzatuko du, lokal batean egiten diren jarduerak eta egiten ez direnak bereizita. Gainera, diru-laguntzaren zenbatekoa, enpresen fakturazioaren murrizketaren ehunekoaren eta langile kopuruaren araberakoa izango da.
Kreditua agortzen ez bada, soberakina onuradun guztien artean banatuko da, 100.000 euroko zenbatekoa agortu arte. Gainera, aurrekontu-partida nahikoa ez bada, handitu egingo da, udalak ohar batean zehaztu duenez.
Udalerria suspertzeko Elorrio Biziberritzen Plan Integralaren barruan dauden ezohiko laguntza horien bigarren deialdia da. Pandemiak udalerriko giza, gizarte eta ekonomia alorretan izan dituen ondorioei aurre egiteko gauzatu zen Plana, eta Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek onartu zuten. Plan honen barruan kokatzen dira azken hilabeteetan gauzatutako hainbat kanpaina eta ekimen: 18-29 urte arteko gazteentzako Gazte Bonoak, Musikaire eta Udazkeneko Kultur Zopa ekitaldiak, zaurgarritasunari aurre egiteko ezohiko laguntzak eta herritarrak Elorrion erostera eta kontsumitzera animatzeko Gertukoa, etxekoa, Gabonetan Elorrio oparitu izeneko kanpaina.