Herria biziberritu eta pertsonak erdigunean jarri asmoz 705.000 euroko plan integrala onartu dute Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 16a, 13:00
Maria Herrero alkateordea eta Idoia Buruaga alkatea

Elorrioko Udala osatzen duten hiru alderdi politikoek aho batez onartu dute gaur goizean aurkeztu duten plan integrala. Elorrio biziberritu asmoz 705.000 euro bideratuko dituzte. 

Covid-19-ak Elorrion izan duen "inpaktu ekonomikoa txikitu, herriko ekonomia suspertu eta pertsonak zaintzen" jarraitu asmoz Plan Integral bat onartu dute Elorrion. "COVID-19ak mundu guztian kolpatu du, baita Elorrion ere. Udalean, 2020an, diru sarreretan, 1.500.000 euroko murrizketa izatea aurreikusten dugu", aitortu du Idoia Buruaga alkateak gaur goizeko prentsaurrekoan. Hala ere, Elorrio biziberritu asmoz 21 neurriz osatuta dagoen plana onartu dute udaleko hiru alderdiek. "Plana osatzeko ezinbestekoa izan da alderdi guztiekin elkarlanean aritzea, baita eragile desberdinekin ere. Desberdintasunak alde batera utzi eta denok herriaren alde lan egin dugu. Balioan jarri gurako nuke hori", esan du alkateak. Bestalde, gaur aurkeztu duten plana "tentuz" egindakoa dela aitortu du.

Planak bi ardatz nagusi ditu. Alde batetik neurri sozioekonomikoak daude eta bestetik kultura eta aisialdia sustatzeko neurriak. Planean diru partida handiena duen atala gizarte-larrialdietarako laguntzak dira. Atal honetarako 215.000 euro bideratuko dituzte. "Datorrenak oso itxura txarra du, eta beharrezko ikusten dugu oinarrizko gauzetarako partida hau onartzea", esan du Maria Herrero alkateordeak. Etxeko laginleentzat eta nagusieentzat ere laguntzak emango dituzte. Eta emakumeei laguntza emozionala emateko zerbitzu berri bat martxan jarriko dute, besteak beste. "Covid-19ak eragin itzela izan du emakumeengan, beraien beharra dutenei entzun eta lagundu asmoz, uztailaren 1ean zerbitzu berria martxan jarriko dugu", jarraitu du Herrerok. 

Laguntza horiez gain, beste hainbat ere egongo dira. Esaterako, herriko eta herritarren ekonomia supertzeko hainbat diru atal onartu dira. Esaterako, autonomoentzako eta Enpresa Txiki eta Ertainentzako 100.000 euroko laguntza.

Horrez gain, kultura eta aisialdia sustatzeko ere neurriak hartu dituzte. "Pertsona eta gizartea kulturaz eta aisialdiaz elikatu behar direla uste dugu. Hori horrela, musika, dantza eta antzerkia osagai nagusi dituen kultur-zopa dastatuko dugu Elorrion uda honetan. Herriko kaleak poztasunez beteko ditugu", jarraitu du alkateordeak. Uztailean eta abuztuan zehar ospatuko den Musikairerako 50.000 euro bideratuko dituzte, eta herrian bestelako kultur eta kirol ekintzak egiteko 110.000 euro. 

EAJ "pozik" planaren parte izatearren
Prentsaurrekoaren ostean, EAJko kideek ohar bat bidali dute prentsara. Bertan, azaldu dutenez "pozik" daude beraiek aurkeztutako proposamenak gobernu taldeak onartu dituelako. "Esaterako, txarto pasatzen dauden herritarrei laguntzeko diru partida bat onartzea proposatu genuen, eta azkenean 215.000 euroko partida onartzea erabaki da", esan dute oposizioko taldeek. 

Hala ere, deseskalatze sasoian udalak izan duen plana kritikatu dute jeltzaleek. "Deseskalatzea oso txarto antolatuta egon da, eta Durangaldeko gainontzeko herrietan baino motelagoa izan da", kritikatu du Mikel Arruabarrena EAJko bozeramaileak. 

Herriaren Eskubidea-ren iritzia

Herriaren Eskubideak "zehaztapenak" egin dizkio EH Bilduk prentsaurrekoan esandakoari. "Talde denen artean adostutako plan bat dela eman dute aditzera. Hori baino gehiago Covidaren ondorioak gutxitzera bideratu daitekeen zenbatekoen akordio-marko bat da". Diru-atal batzuetan zenbateko handiagoa proposatzen zuten eta beste batzuekin ez daude ados. Esaterako, errugbi zelaiko harmailen eta skate parkearen inguruko proiektu berriak mantendu izana kritikatu dute. "Beharrezkoak dira, baina ez lehentasunezkoak", diote. Garrantzitsuago ikusten dute Urkizuarango uren saneamenduan inbertitzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!