3.500 lagun batu ditu Musikaire jaialdiak Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2020ko ira. 18a, 10:59

Elorrioko Udaletik Musikaireko ekitaldietan eta ‘Udazkeneko Kultur Zopa’ ekimenaren barruan egin diren iraileko emanaldietan herritarrek izan duten "jarrera ona" azpimarratu gura izan dute.

Elorrio Biziberritzen Plan Integralaren barruan Musikaire eta Udazkeneko Kultur Zopa ekitaldiak antolatu ditu udalak. Udaletik jakitera eman dutenez, Musikairen 3.500 lagun batu dira, 25 ikuskizunetan. Eta herritarrek izan duten "jarrera ona" azpimarratu dute. Horrez gain, Musikairen 124 pertsona kontratatu dituztela azaldu dute: 92 artista eta 32 argi eta soinu teknikari. “Udal gisa beharrezkoa ikusten dugu kultur jarduera bultzatzea eta oso txarto pasatzen ari den sektoreari aukera ematea. Badakigu musika, antzerki eta dantza taldeak oso eskertuta agertu direla kultur eskaintza segurua bultzatzeko apustua egin dugulako. Modu berean, nabarmendu behar da herritarrek, oro har, esker ona agertu dutela uda honetan zehar kulturaz gozatzeko aukera izan dutelako. Oso eskertuta daude, ez da erraza izan eta asko baloratu dute", esan du Idoia Buruaga alkateak. 

Horrez gain, alkateak balioan jarri gura izan du Arriolan egiten duten lana. "Garrantzitsua izan da, bai baliabide material/ekonomikoetan, bai giza baliabideetan", jarraitu du alkateak. 

Ildo beretik, Julene Lazkano kultura zinegotziak ere herritarren erantzuna eskertu gura izan du: “Ohi baino uda tristeagoa izan den arren, kaleetan kulturaz gozatzeko aukera interesgarria izan da, eta guztiz erantzun positiboa izan dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!