"Herritarren parte hartzea aintzat izango duen irtenbide bideragarria" eskatu dute tren geltokiko lurrentzat

Ekaitz Herrera 2023ko uzt. 19a, 22:06

Durangoko gobernu taldeak "behin-betiko irtenbidea adostera" deitu ditu Eusko Jaurlaritza eta Euskal Trenbide Sarea. Eskariak aurrera egin du EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, berriz, joan zen agintaldiko aurreakordioari eustera deitu dute. Proposamenak ez du aurrera egin.

Durangoko udalbatzak tren geltoki zaharraren lurrei buruz eztabaidatu du arratsalde honetan. Gai ordenean, mozio bi. EAJk eta PSE-EEk aurkezturikoa bata, eta EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak aurkezturikoa bestea. Testu bien edukian, baziren adostasun zantzuak. Baina baita desberdintasunak eta ñabardurak ere. Izan ere, alderdi guztiak bat etorri dira EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratutako epaiari helegiterik ez ipintzea adieraztean. Halantxik eskatu dute oposizioko indar politiko nagusi biek, eta halantxik adierazi du gobernu taldeko Sara Oceja zinegotziak, "Durangoko Udalak bere izenean helegiterik ipiniko ez duela" zehaztuta.

Baina alderdien arteko desadostasunak ere agerian geratu dira. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, herri galdeketako emaitzak errespetatzea eta aurreakordioari eustea eskatu dute. Jorge Varela independenteak esan du proiektua aldatzea posible dela, "espekulatzaileen mesederako barik, durangarren mesederako izan dadin". Eta EH Bilduko Iker Urkizak ere, "bidean aurrera egiteko modurik egokiena aurreakordioa garatzea" dela iritzi dio.

Bozketa egiteko unea iritsitakoan argitu da kontua. Carlos García popularrak gobernu taldearen adierazpena babestu du, testua "arrazoizkoa" dela esanda. Era berean, oposizioko beste bi taldeei leporatu die "berarekin batu ez izana". Beraz, gobernu taldearen adierazpenak aurrera egin du EAJren, PSE-EEren eta Alderdi Popularraren aldeko botoekin. Horren arabera, gobernu taldeak "behin-betiko irtenbidea adosteko mahai batean esertzera deitu ditu Eusko Jaurlaritza eta Euskal Trenbide Sarea. Zehaztu dutenez, irtenbide hori ETSrentzat, Jaurlaritzarentzat eta gobernu taldearentzat "bideragarria" izatea gura dute, eta azpimarratu dute hori dena herritarren parte hartze prozesu batekin landu beharko litzatekeela, "durangarrek herri galdeketan adierazi zuten bezala".

Aurreakordioa, "sinatu barik"

2021eko martxoaren 14ko herri galdeketan adierazi zirenak gobernu taldearen testuan jasotzeak, gauzak mugitzen ari ote diren seinale izan daitezke. Izan ere, galdeketaren atarian, kontsulta "fartsa bat" zela adierazi zuen PSE-EEk. "Dirua botatzea" zela iritzi zion. EAJk abstentzioan kokatu zuen bere posizio politikoa eta Jaurlaritzarekin sinaturiko akordioa indargabetzeak "266 milioi euriko kalte ordaina" ekar zezakeela esan zuen. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak azken urteotan defendatutako aurreakordioari buruz, berriz, gauzak ez daude argi. Alderdi biek aurreakordioari heltzea eskatu diote behin eta berriro, baina gobernu talde berriko kideen arabera, ez dago halakorik. "Galdezka ibili gara eta adierazi digute bide hori agortuta dagoela. Ez dagoela ezer sinatuta", esan du Sara Oceja jeltzaleak. Jesica Ruiz sozialistak ere ildo beretik egin du berba: "Esan digutenez, aurreakordio hori intentzio protokolo bat baino ez da. Ez zenuten eginda utzi", leporatu die Ruizek aurreko gobernu taldeko kideei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!