Durangoko EAJk herri galdeketari buruzko posizioa argitu du. Abstenitu egingo da domekan, eta abstentziora jotzeko deia egin die durangarrei. Talde jeltzaleak adierazi du begi onez ikusten dituela herritarren parte hartea eta kontsulta, horiek "berme juridikoekin eta informazio guztiarekin" egiten badira; baina, domekan egitekoa den galdeketak ez ditu ezaugarri horiek betetzen jeltzaleen iritziz. "Ez da horrelakorik gertatu", diote. "Gobernu taldeak ez die proiektuari buruzko informazio guztia eman herritarrei, herritarrek erabaki bat hartu ahal izan dezaten, ondoriok eta emaitzak ondo ezagututa", argudiatu dute.
"266 milioi euroko kalte-ordaina" udalarentzat
EAJk Udalak eta Eusko Trenbide Sareak trenbidea lurperatzerakoan sinatu zuten akordioari buruz ere egin du berba. Bere esanetan, "akordio hori hausteak eta 60.000 m2-ko lursaila desjabetzeak Eusko Jaurlaritzari 266 milioi euroko kalte-ordaina ematea ekarriko lioke Udalari". Horrenbestez, "udal kutxak ia porrot" egingo lukeela, eta "zerbitzu publikoen gastuak beregain hartzeko gaitasuna" murriztuko litzatekeela gaineratu du EAJk.
"Argi dago duela 15 urte diseinatutako PERI 1-Trenbidea proiektuak ez diela herritarren egungo beharrei erantzuten, testuinguru sozioekonomiko oso ezberdinean planteatu baitzen", adierazi du alderdi jeltzaleak. "Herritarrei galdetzeko eta entzuteko garaia" dela adierazi du, baina horretarako "lehenik eta behin jokalekua ondo" markatu behar dela iritzi dio. Horretarako "proiektu bideragarriak, errealak eta adostuak" behar dira EAJren esanetan. Durangoko udal gobernu taldea osatzen duten bi alderdiei ere egin die erreferentzia: "EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea - Podemos Ahal Duguk hartutako judizializazioaren eta paralisiaren bidetik" barik, "elkarrekiko konfiantzaren eta elkar ulertzearen bidetik" ekin behar zaiola azpimarratu du alderdi jeltzaleak.