Herriaren Eskubideak duela lau urte baino gehiago hasitako prozesu judizialaren epaia jaso du. Alderdi independentearen arabera, auzitegiak "legez kanpokotzat" jo du 5 etxebizitza dorreen Urbanizazio Jardueraren Programa, eta horrenbestez, aurrerantzean, "Durangok trenaren lurretarako zer proiektu nahi duen erabaki ahal izango du".
Herriaren Eskubideak auzitegira eraman zuen Durangoko erdigunean, garai bateko tren geltokiaren orubean, bost etxebizitza dorre erraldoi eraikitzeko proiektua. Proiektua eraikitzeko proposamena "legez kanpokoa" zela iritzi zion alderdiak, eta orain, auzitegiak arrazoia eman diola dio. Era berean, EAJri eta PSE-EEri leporatu die "gaur egun" 5 dorreen proiektua "denfendatzen jarraitzea".
Udala, konponbide bila
Durangoko Udal eratu berriak jakinarazi du Euskal Trenbide Sarearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batuko dela "lehenbailehen". Hedabideetara bidalitako oharrean, honako hau adierazi du Udalak: " Trenbidearen PERIaren espazioa oso garrantzitsua da Durangoren etorkizunerako, eta, beraz, Udalak lan egingo du gune hori guztia lehenbailehen berreskuratzeko, durangarrek dituzten beharrei erantzungo dien eta babes zabala lortuko duen proiektu batekin". Era berean, auzitegiak kaleraturiko epaia "zehatz-mehatz" aztertuko dutela gaineratu dute.