Durangoko galdeketa

Durangoko PSE-EEk dio herri galdeketa "fartsa" bat dela eta ez duela parte hartuko

Anboto 2021ko ots. 26a, 11:49

Sozialisten ustez galdeketa egin aurretik “akordio batera heldu” beharko litzateke Eusko Jaurlaritzarekin. Une honetan, planteatuta dagoen moduan, galdeketa “denbora eta diru galtze bat” dela diote.

Durangoko PSE-EEren ustez martxoaren 14an egingo den herri galdeketa "fartsa" bat da eta ohar batean iragarri du ez duela parte hartuko. Galdeketa "benetako" proiektu "bideragarri" batean oinarritu beharko litzateke sozialisten bozeramailea den Jesica Ruizen arabera.

"Herritarren parte hartzea udal kudeaketako zati garrantzitsu bat da eta herritarrei kontsulta egitearekin erabat ados gaude, baina EH-Bilduk eta Podemos-Herriaren Eskubideak [Gobernu Taldea] planteatu duten galdeketa, orain urte bi esaten zutenaren aurrean kontraesanak ezkutatzeko eta iritzi publikoaren aurrean justifikatzeko instrumento baldar bat da", kritikatu du. "Orduan esaten zuten galdeketa 18 solairuko dorreen ala parke baten arteko aukeraketa izango zela, baina ez da horrela. Emaitza edozein dela ere, dena Eusko Jaurlaritzagaz izan beharreko negoziazioaren eta Justiziaren menpe dago, une honetan prozedura judizial bi martxan daudelako udalaren kontra", zehaztu du.

PSE-EEk orain urte bi zuen postura berari eusten diola azaldu du Ruizek; hau da, proiektua gaur eguneko egoera ekonomikora eta sozialera  "egokitu" behar dela eta "posible" dela etxebizitzak birbanatzea baimendutako magultasun-marjinen barruan, gehienezko okupazioa eta lerrokatzeak "modifikatuz". Hori egiteko erakundeen arteko "koordinazioa, kooperazioa eta negoziazioa" behar direla uste du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!