Durangoko gobernu taldearen arabera, "gobernu planaren %66 amaituta edo martxan" dago

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 15a, 21:16

Legegintzaldia hasi zenetik bi urte bete direla eta, Durangoko gobernu taldeak balantzea egin du. Bilera sorta bat egin du herritarrekin. Azkena, gaur, San Agustin kulturgunean.

Legegintzaldi hasieran markatutako "135 neurri egingarri eta ebaluagarri" haietatik "%66" amaituta edo martxan daudela adierazi dute udal agintariek. Otamotzena parkea amaitzea, Taxilagun zerbitzua eskaintzea, Indarkeria matxistaren biktimen omenezko gune bat sortzea, Kultur eskaintza zabaltzea, Aurrekontu parte hartzaileei ekitea, Txakurgune berriak ipintzea, Kalistenia parkea egitea, Merkatu plaza birgaitzeko proiektua lizitatzea edo bosgarren edukiontzia martxan ipintzea izan dira azpimarratu dituzten neurrietako batzuk. Ima Garrastatxu alkatearen eta Julián Ríos alkateordearen esanetan, "sendotu" egin da udalaren "norabide aldaketa", bidean "oztopo ugari izan arren". Markatutako bide orria betetzen ari direla eta bide horri jarraituko diotela gaineratu dute. 

Eraikin publikoen egoera, arazo

Bestalde, udal agintariek adierazi dute hainbat arazorekin egin dutela topo. Eraikin publikoen egoerarekin, zehazki. "Urte luzeetan" eraikin publiko asko "txarto" mantendu izanaren ondorioz, "erabaki zorrotzak" hartzera "behartuta" egon direla azaldu dute. Garai jauregiaren, Tabirako aldagelen, Ezkurdiko kioskoaren, Uribarriko egoitza zaharraren eta Pinondo Etxearen egoerak deskribatu dituzte. Azken eraikin honena gehienbat, "2009an egindako txosten batek egiturazko arazoez ohartarazi baitzuen". Ordu hartan gobernuan zeuden eta gaur egun oposizioan dauden bi alderdiei leporatu die "herentzia" hori utzi izana: "Oposizioak iraganaz ez berba egiteko esan digu, baina egia esan, iraganeko herentziek gaurkotasun beldurgarria uzten digute", kritikatu dute.

Koronabirusaren aurrean, suspertze plana

Duela urtebete, pandemia lehertu eta hilabete gutxira, agintariek Biziberritze Plana aurkeztu zuten. Planak udalbatza osatzen duten lau alderdien lanketaren ondoren ikusi zuen argia. 2.300.000 euro bideratu zituzten horretarako, horietatik 500.000 tokiko negozioei laguntzeko. Udalak adierazi du herritarrak ipini dituela "erdigunean" eta "bizilagunak ahalik eta gehien zaintzen saiatu" dela.

Aurrera begirako lau erronka estrategiko

Etorkizuneko erronka estrategikoei dagokienez, Julián Riós alkateordeak honako lau ildo hauek aipatu ditu: "airearen kalitatea hobetzea", 18 pisuko bost dorreen proiektuari "alternatiba bat sortzea", herriko "kultura erreferentzialtasuna handitzea" eta "tokiko ekonomia hobetzea".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!