Taxilagun zerbitzua ipini dute Durangon, adineko herritarren mugikortasuna errazteko

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 5a, 13:58

Durangoko Udalak Taxilagun zerbitzua aurkeztu du, herriko adinekoei mugikortasunean laguntzeko zerbitzua. Taxilagunek 76 urtetik goragoko 3.000 durangarren beharrizanei erantzungo die. 

Durangoko Udalak diruz lagunduko ditu adinekoek etxetik Landakoko osasun-etxera, anbulatorio zaharrera, Adinekoen udal egoitzara edo Bruno Maurizio Zabala kaleko gizarte zerbitzuetara egiten dituzten desplazamenduak. "Zerbitzu aitzindaria" da Durangoko Udalaren esanetan. "Beste herri batzuetan zerbitzua landa-eremuetan bizi diren adinekoak lekualdatzera mugatzen da. Durangon, berriz, herrigunean bizi diren eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ere sartzen dira eskaintza horretan" azaldu dute udal ordezkariek ohar batean. "Pixkanaka-pixkanaka, Gobernu Planaren baitako proiektuak martxan jartzen ari gara, kolektibo behartsuenei laguntzeko", gaineratu dute. 

Zerbitzuak 20.000 euroko aurrekontua izango du 2020 urte honetarako. Herritar bakoitzeko, 20 bidaia lagunduko dituzte diruz, gehienez. Udalak 10 euroan ezarri du joanaldi bakoitzaren kostua, baina erabiltzaileek 2 euro baino ez dituzte ordaindu beharko, gainontzeko 8 euroak ordaintzeaz udala bera arduratuko baita.

Eskari "historikoa"

Durangoko Udalaren esanetan "eskari historikoa" da Taxilagun zerbitzua. Horren erakusle da aurreko legegintzaldian Herriaren Eskubideak udalbatza batean aurkeztutako adierazpen instituzionala. Alderdi politiko guztien babesa jaso zuen adierazpen hark. 

Erabiltzaileek bete beharreko baldintzak:

  • Durangon erroldatuta egotea.
  • Baldintza hauetakoren bat betetzea:
    1) Adinez nagusia izatea eta Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun-ezintasuna aitortuta izatea. Horretarako, gutxienez 7 puntuko mugikortasun-baremoa edo mugikortasuneko a, b, c, d letrak beharko dira.
    2) 76 urte edo gehiago izatea.

Eskabideak abenduaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira. Horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, nfurones@durango.eus helbidean edo 94 603 00 00 zein 94 465 70 91 telefonoetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!