[ARGAZKI GALERIA]: Durangoko Udalak eta mugimendu feministak eraildako emakumeak oroitzeko gunea inauguratu dute

Anboto 2020ko aza. 28a, 14:04

Gaur eguerdian egin dute inaugurazio ekitaldia. Bertan Erika Lagoma Pombar bertsolariak, Ixone Aroma Barrena dantzariak eta Ima Garrastatxu alkateak parte-hartu dute, besteak beste. 

Indarkeria matxistagatik eraildako emakumeak oroitu asmoz, Durangoko Udalak eta herriko eragile feministek gune bat atondu dute Ambrosio Meabe kalean. Gaur goizean inauguratu dute gunea eta bertan izan dira udal ordezkariak eta Durangoko mugimendu feministako kideak. "Gunearen helburua biktimei erreparazioa emateko printzipioa ezartzea izan da, prebentzio- eta esku-hartzeko politiken bidez, baina baita biktimen estatusa legitimatzen eta duintzen duten politiken bidez ere", adierazi dute Durangoko Udaleko kideek.

“Indarkeria matxistak eraildako emakumeen memoria historikoa justizia sozialeko eta aintzatespeneko ekintza bat da, memoria indibidualetik kolektibora igarotzen dena, eta herritarren sentsibilitatea eta kontzientziazioa bultzatzen duena. Indarkeria matxistak hildako emakumeez ari garenean, estatistiketatik haratago joan nahi dugu. Beldurra, pasibotasuna, biktimismoa, lotsa edo errua bezalako estigmetatik ihes egin behar da. Horregatik etorri gara gaur Ambrosio Meabeko plaza honetara. Indarkeria matxistak eraildako Durangoko emakumeak omentzeko, Mugimendu Feministak eta guk, udal gisa, ahanzturan erortzea saihestu nahi dugun plaka baten bidez”, adierazi dute Ane Abanzabalegi eta Mikel Uriguena zinegotziek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!