Durangoko Kulturaleko zuzendaritza berriak Jon Larreategi entrenatzaile kargutik kendu eta Jon Gonzalez fitxatu du

Joseba Derteano 2021ko api. 14a, 19:59
Jon Gonzalezek gaur zuzendu du lehenengo entrenamendua.

Entrenatzaile berriak gaur bertan zuzendu du lehenengo entrenamendua talde nagusiarekin.

Durangoko Kulturalak zuzendaritza berria du. Agintari berriek gaur hartu dituzte euren karguak ofizialki eta ez dute asko itxaron lehenengo erabaki garrantzitsua hartzeko. Entrenatzailea aldatu dute. Jon Larreategik Kulturaleko entrenatzaile izateari utzi dio eta Jon Gonzalez fitxatu dute bere ordez. 

Kulturaleko talde nagusiak denboraldi irregularra darama eta une honetan jaitsiera ekidin guran dabil, bigarren fasean. Horixe izango da entrenatzaile berriaren helburua: Hirugarren Mailari eustea. "Taldearen dinamika aldatzeko eta jaitsiera ekiditeko gogotsu eta animoekin dator", adierazi dute klubetik ohar batean. Gaur arratsaldean bertan zuzendu du bere lehenengo entrenamendua eta partidu ofizial bateko estreinaldia zapatu arratsaldean izango du, Balmasedaren kontra.

Gonzalezek urte askotako eskarmentua du entrenatzaile moduan. Aurretik, Sondika, Sestao River, Retuerto, Indautxu eta Santutxu taldeak entrenatu ditu.

Zuzendaritzan erreleboa

Sei urte eta erdi iraun duen agintaldiaren ostean, Jon Andoni Bengoetxea buru zuen zuzendaritzak orain astebete iragarri zuen etapa baten amaierara heldu zirela. Eurak ordezkatzeko hautagai-zerrenda bakarra aurkeztu zen. Beraz ez da haustekunderik egin behar izan.

Gaurtik aurrera Bigen Bizkarra abadiñarra da klubeko presidente berria eta Alfredo Irasuegui presidente ordea. Batzordekideak, berriz, honako hauek izango dira: Valentin Sagastizabal, Alex Atutxa, Iñaki Prado, Iñigo Garrido eta Mikel Eguia. "Zuzendaritza batzordeko guztiok geure onena emateko konpromisoa hartzen dugu, beti Kulturalaren mesedetan", adierazi du Bizkarra presidenteak klubeko ohar batean.

Joan direnen agurra

Kargua utzi duten zuzendaritzako kideek gutun bat kaleratu dute agur esateko eta euren etapari errepaso bat emateko. "Ziklo bat izteko garaia dela uste dugu. Beheko mailetan egindako lanarekin harro goaz; Cultural Athletic eskolako kimu eta benjaminen taldeak martxan jarri izanagaz, futbol eskola bera egonkortuta dagoela ikusteaz... Senior B taldea eratu genuen eta urte bian Lurraldekako Lehen Mailara igotzea lortu zuen, gazte mailako taldearen eta talde nagusiaren arteko zubia eraikiz. Azken batean, lan eta emozio askoko urteak izan dira", adierazi dute.

Euren ardurapean Kulturala Bigarren B Mailara igo zen 2018an eta urtebete iraun zuen abentura hark. Bigarren B Mailan aritu zen urtea berezia izan zen klubarentzat sortu zeneko mendeurrena ere ospatu zutelako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!