Partidu bi Durangoko Kulturala gora ala behera begira ipiniko den jakiteko

Joseba Derteano 2021ko mar. 11a, 09:13

Hurrengo partidu biek erabakiko dute Durangoko Kulturalaren datozen hileetako ibilbidea: aldeko emaitzekin igoera fasera sailkatuko da; bestela, jaitsiera ekiditeko borrokatuko da.

Aurreko denboraldiekin alderatuta, liga desberdina izan da. Hirugarren Maila multzo bitan banatuta dago, eta, bakoitzean, 11 talde baino ez daude. "Partidu bat irabazita, ematen zuen gorantz begira zeundela, eta bat galduta justu kontrakoa", uste du Jon Larreategi Kulturaleko entrenatzaileak. Testuinguru horretan, Kulturalari "erregulartasuna" falta izan zaio, Larreategiren ustez: "Kosta egin zaigu partidu bi segidan irabaztea".

Seigarren tokian edo hortik aurrera sailkatzen direnak Bigarren B Mailara igotzeko borrokan sartuko dira, eta handik beherakoak jaitsiera fasean. Kulturala zazpigarren dago, erdi-erdian. Puntu bi goitik du seigarren dagoen Baskonia, eta, hain zuzen ere, asteburu honetan, etxeko azken partiduan, Basauriko taldea hartuko du Tabiran. Garaipen bategaz aurrea hartuko lioke eta azken partiduan bere esku izango luke sailkapena, beste emaitzen menpe egon barik.

Kulturalak 16 gol sartu ditu orain arteko 19 partiduetan, eta euretariko 10 jokalari bik sartu dituzte. Simon Aranguren getariarrak 6 daramatza eta Adrian Abasolo mañariarrak, 4. Aranguren baja izango da datozen partidu garrantzitsu bietan, zaintiratu batengaitik. Abasolo ere lesionatuta egon da, baina "seguruenik" errekuperatu egingo da asteburuari begira.

Kontuan hartzeko datu inportante bat: talde guztiek lehenengo faseko puntuak izango dituzte abiapuntu hurrengo fasea hasten denean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!