“Denboraldi-aurrean tekla egokia aurkitu beharko dugu, bestela arrisku handia dago jokalariak lesionatzeko”

Joseba Derteano 2020ko eka. 14a, 13:00

Jon Larreategi Amorebieta, Barakaldo, Portugalete eta Bilbao Athletic klubetako jokalaria izan zen bere sasoian. Ondoren, 2016-2017 denboraldian, entrenatzaile ibilbideari ekin zion, Vitoria taldean lehenengo —bigarren entrenatzaile moduan— eta Eibarreko filialean gero. Ohorezko Mailako Amaikak Bat taldetik eman du Durangoko Kulturalerako saltoa. Futbol eskoletan ere lan egindakoa da.

Zelan gauzatu da zure fitxaketa?
Amaikak Bat taldean entrenatzaile nenbilela, Joseba Aranak [Kulturaleko kirol zuzendariak] deitu zidan. Denboraldia amaituta, libre geratzen nintzen eta berbetan hasi ginen. Egia esanda, segituan heldu ginen akordio batera. Aspalditik ezagutzen dut Joseba. Amorebieta klubean jokalari ibili nintzenean, kimuen taldea entrenatzen nuen eta bera harrobi futboleko arduraduna zen. Beraz, bageneukan tratua. Kulturalari behar duen aldaketa hori eman niezaiokeela uste zuen eta asko eskertzen diot nigan ipinitako konfiantza. Baita zuzendaritzari ere.

Entrenatzaile hasi aurretik, urte askoan futbolaria izan zara. Konfinamenduak zelan eragin diezaioke futbolari baten sasoiari?
Eragina handia izan daiteke. Esate baterako, Lehenengo Mailako jokalariek, etxe handia dutenez, beste batzuek baino erraztasun handiagoa izan dute ariketa egiteko. Ba, eurentzat gogorra izaten ari bada itzulera, imaiinatu gure mailako taldeentzat. Irailean, bueltatzen garenean, bost hilabete beteko dira baloirik ukitu barik. Asko zaindu beharko dugu denboraldi-aurrea. Astiro-astiro hasi beharko du, eta, beharbada, beste denboraldi-aurre batzuk baino luzeagoa izan beharko da. Tekla egokia aurkitu beharko dugu, bestela arrisku handia dago jokalariak lesionatzeko.

Kulturalaren azkenengo denboraldia eskasa izan da. Zein da hurrengo denboraldira begira ipinita duzun helburua?
Oraindino goiz da eta ez dugu berbarik egin kirol helburuei buruz. Iaz ez, baina azken urteetako ibilbidea ikusita, Kulturala sailkapeneko goialdean ibili da beti eta horrek izan behar du helburu, play off postuen borrokan ibiltzea.

Zelako hartu-emana izan duzu orain arte jokalariekin?
Denekin berba egin dut telefonoz. Probintzia batetik bestera joateko araudia leunduta, eurekin aurrez aurre egoten hasiko naiz. Edozelan ere, jokalari guztiak ezagutzen ditut. Vitoria klubeko entrenatzailea nintzenean, klub biak maila berean zebiltzan eta orduko jokalaririk gehienek jarraitzen dute Kulturalean oraindino. Gainera, entrenatzaileoi beti gustatzen zaigu partiduak bertatik bertara ikustea, edozein aukera sortzen denerako prest egon gura dugulako, eta Kulturala etxetik gertuen geratzen zaidan taldeetariko bat da. Hainbat partidu ikusi dut. Beste talderen bategaz gehiago kostatuko zitzaidan, baina, hain justu, Kulturalaren erradiografia bat eginda neukan aurretik.

Noiz bueltatuko zarete entrenamenduetara?
Uztail inguruan igoerako play off-ak daude, eta, horien ostean, talde horiei atsedena eman beharko zaie. Esaten dute liga urri aldera hasiko dela, baina oraindino ez dakigu ezer garbirik. Entrenamenduak irailean hasiko direla kalkulatzen dugu. Aurten, futbolariek oporrak izango dituzte abuztuan, gainerakoen antzera.

Orain urte batzuk, Kulturalak harrobiaren eta etxeko jokalarien aldeko apustua egin zuen. Zuk baduzu esperientzia harrobiagaz lan egiten, Eibar klubean, esate baterako. Harrobiak zelako pisua izango du zure proiektuan?
Harrobiak eta inguruko jokalariek izan behar dute taldearen oinarria. Nik ez dut sekula arazorik izan etxekoekin lan egiteko. Ekartzen duguna ere ingurukoa izango da, ez gara bila urrun joango. Eibarren kasua desberdina da. Hango irizpidea ahalik eta jokalaririk onenak batzea da, berdin dio ingurukoak ala kanpokoak diren. Gure mailako klubek beste era batera funtzionatu behar dutela uste dut.

Zein jokamolde duzu gustuko? Erasokorrra, posizionala…
Ez nuke definitzen jakingo. Esaterako, Debara joan nintzenean, Amaikak Bat taldera, ideia argi bat nuen; banekien jokalariek zelan jokatzea gura nuen. Baina denboraldi-aurreko lehenengo astean konturatu nintzen ideia hori aldatu beharra neukala. Beraz, Kulturalean ere, gehiago izango da ni eurenera moldatzea, eurak nirera baino. Azkenean, Kulturalak urte asko daramatza modu batera jokatzen, eta jokalariek automatismo batzuk barneratuta dituzte. Nik ezin dut egun batetik bestera hori aldatu. Alde biek geurea ipintzen badugu, nire ideiak talde honetan ondo islatu ditzakedala esango nuke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!