Kulturala

Durangoko Kulturala Bigarren B Mailako taldea da

Anboto 2018ko eka. 24a, 14:00

Durangoko Kulturalak 2-0 irabazi dio San Fernando taldeari. Kanporaketako partidu biak kontuak hartuta, 3-0 durangarrentzat. Igoera fase luze eta nekagarriaren amaieran bila zebiltzan saria eskuratu dute jokalariek: kluba sortu zeneko mendeurrena Bigarren B Mailan jokatuko dute.

Durangoko Kulturala indartsu zelairatu da. Lehen hamar minutuak bereak izan dira. Ekain Zenitagoiak paparrarekin kontrolatu ostean atera duen jaurtiketa izan da aukerarik onena. Hurrengo 10 minutuetan Kanaria Handiko taldeak aurrera egin du eta arriskualdi bat edo beste eraman du durangarren areara. 22. minutuan Kulturalaren gola heldu da: ezker hegaletik egindako erdiraketa buruz errematatu du Mikel Praderak. Ordutik lehen zatiko amaierara Kulturalak ondo kudeatu du egoera. San Fernando batez ere geldikako jokaldietan saiatu da arriskua sortzen, baina eraginkortasun barik.

Bigarren zatian partiduaren dinamikak berdin jarraitu du. San Fernando nahi eta ezinean eta Kulturala ondo eusten. Hala ere, partidua berdintzeko aukera izan dute kanpokoek penalti bidez eta 83. minutuan. Errasti atezainak geratu egin du. Jaurtiketa ona izan da, behetik eta indartsu, eta baloiak sareetan ez amaitzearen meritu osoa atezainarena da. Kolpe gogorra izan da kanpokoentzat eta gainera jokalari bat gutxiagorekin geratu dira tira-bira baten ostean jokalari bat egotzi dutenean. Kulturalaren bigarren gola Ekaitz Molinak sartu du partiduaren hondarrean. Kulturalak talde hobea dela erakutsi du eta jokalariek merezimendu osoz ospatu dute igoera epaileak amaiera adierazi duenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!