Euskarazko ereserki berria aukeratzeko lehiaketa abiatuko du Durangoko Kulturalak

Joseba Derteano 2019ko ots. 1a, 20:27

Sortu zeneko mendeurrena ospatzeko hainbat ekimen prestatu ditu Durangoko futbol klubak.

Urtean zehar banatuta, hainbat ekitaldi egingo dituzte 100. urteurrena ospatzeko eta gaur horiek azaltzeko prentsaurrekoa eskaini dute. "Kulturalaren mendeurreneko ospakizuna durangar denei zabaldu gura diegu", azaldu du Jon Andoni Bengoetxea Kulturaleko presidenteak. Ekimen denak ez daude erabat zehaztuta (datak, protagonistak...) eta ekitaldien aurrerapena egin dute, zertzelada batzuk emanda.

Klubaren ereserki berria aukeratzeko lehiaketa bat abiatuko dute. "Euskaraz izan dadila gura dugu", zehaztu du Bengoetxeak. Irabazlearen berri sanfausto jaien inguruan emango lukete. Argazki lehiaketa bat ere egingo dute. 

'Kultukapsula' izenekoa da beste ekimen bat. Kaxa batean Kulturalari lotutako gauzak gordeko dituzte, hemendik ehun urtera kaxa irekitzen dutenek Kulturaleko historiaren berri izan dezaten. Herritarrei galdetuko diete bertan zer gorde.

Kulturalaren eta beste futbol talde baten arteko partidua ere iragarri dute, baina izenik eman gabe. Kontzertu bat ere iragarri du Bengoetxeak, durangarrei "asko" gustatuko zaien horietakoa, baina kasu honetan ere ez du izenik aurreratu.

Gaztetxoen nazioarteko torneoa

Ekain inguruan gaztetxoen (12-13 urte) arteko nazioarteko futbol torneoa egingo dute. Euskal Herriko taldeez gainera, nazioartekoak ekartzeko asmoa ere badute. "Txapelketa mamitsua izango da, ikusteko gogoa piztuko duen horietakoa", aurreratu du Bengoetxeak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!