Durangoko Kulturalak agur esan dio Bigarren B Mailari, eta Iurretako, Abadiño zein Elorrio B igo guran dabiltza

Joseba Derteano 2019ko mai. 10a, 16:00

Durangoko Kulturalak ezin izan dio Bigarren B Mailari eutsi. Urtebete iraun du durangarren ametsak. Mailari neurria hartzea kosta egin zitzaion eta 10. jardunaldian lortu zuen lehen garaipena. Denboraldi osoan korrontearen kontra aritu behar izan du arraunean. 2019ko otsailean eta martxoan izandako  piztualdia —lau garaipen bost jardunalditan— ez da nahikoa izan.

Kulturala jaitsi den maila berera, Hirugarren Mailara, igo gura du Iurretakok. Joan zen asteburuan ez zuen aprobetxatu Urduliz liderraren porrota, eta berdindu egin zuen etxean. Hiru jardunaldiren faltan puntu biko aldea dago talde bien artean. Aurrenekoa zuzenean igoko da eta bigarrenak igoera fasea jokatuko du.

Abadiño eta Berriz
Igoera gertu duen beste talde bat Abadiño da, Bizkaiko Lehenengo Mailan. Hiru jardunaldiren faltan igoera postuan dago, baina orpoz-orpo du Basconia B, puntu bakar batera. Maila berean Berrizek jokatzen du eta jaitsi egingo da. Dagoeneko berriztarrek ez dute aukerarik matematikoki mailari eusteko.

Zaldua B eta Elorrio B
Bigarren Mailan estu dabil Zaldua B. Azkenengo tokian, lau puntura du salbazioa hiru partiduren faltan. Azkenik, Hirugarren Mailan, Elorrio Bk aukera handia du igotzeko. Partidu bakarra falta zaio liga amaitzeko, zapatu honetan Basaurin jokatuko duena, eta nahikoa du berdinketa bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!