"Eskerrik asko datozen egunotan Durangoko Azokari zuen taupada emango diozuen guztioi, sortzaile, partaide nahiz kulturzaleoi. Durangon, Euskal Herriko aretoetan, etxetik streaming bidez edo on-line dendan klik eginez guztion taupada beharrezkoa izango da pandemia egoera honetan Azoka eta euskal kultura bizirik mantentzeko", nabarmendu du Mujikak bere berbaldian. Ondoren, Balendin Lasuen, Jose Mari Uriarte eta Joan Mari Torrealdai gogoan izan ditu.
Gaur goizean Azokako on-line denda abiatu dute eta arazo teknikoen ondorioz zerbitzua eten behar izan dute. Denda berriro martxan dagoela azaldu du Mujikak. "55. urte daramatzagu Azoka antolatzen, baina aurtengo hau itzelezko erronka izaten ari da. Espero dugu datozen egunetan dena ondo joatea".
Azkenik, Azokaren harira 100 kultur ekitaldi baino gehiago egingo direla gogoratu du.
Ima Garrastatxu alkateak Gerediaga Elkartekoen lana azpimarratu du. "Euren lanari esker, Durangok urteko euskal kulturaren erreferentzia nagusiena izaten jarraituko du". Horrekin batera, Azokan parte hartzera deitu ditu herritarrak. "Gonbidapena luzatu nahi dizuet digitalki bada ere Durangora hurbildu zaitezten euskal kulturaren leihoa zabaltzera".
Aldundiko euskara zuzendaria den Xabier Arauzok, berriz, Durangoko Azokak euskal komunitatea "kohesionatzen" duen garrantzia azpimarratu du. "Euskal komunitatearentzat erreferente kulturala da".
Ildo beretik mintzatu da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburu den Bingen Zupiria ere. "Durangoko Azoka gure komunitatearen proiektu garrantzitsuetako bat da eta aurten inoiz baino gehiago komunitatearen sostengua behar du. Har dezagun parte euskal komunitatearen proiektu honen biziraupenean", esan du.
Ekitaldia ikuskizun batekin amaitu da: Bagara dantza kolektiboaren saioarekin, Kirmen Uriberen irakurketa batekin eta Eñaut Elorrietak eskainitako abesti birekin.