Gerediaga Elkarteko "historikoetako bat" zen Josemari Uriarte. Gaur goizean hil da, 64 urtegaz. Argazki zaharrak bilatu eta atzean zegoen historia aztertzea zen bere zaletasuna. Uriarte ogibidez irakaslea zen arren, historialari legez lan sakona egin zuen Astarloa anaien biografia lantzen. Pertsona maitatua izan da Durangoko kulturgintzan, baita Gerediaga elkartean ere.
Gerediaga Elkarteak Uriarteren izaera gogoratu du: "Gizon diskretoa izan da beti, kamera eta fokoen aurrean gutxi agertzen denetakoa. Nahiago izaten zuen berak kamera eskuan izatea. Eta ekina, Gerediaga Elkartean ezezik, Durangaldean aurrera atera diren ekimen ugaritan ibili da sustatzaile edo laguntzaile, eta gehienetan itzalpean, berak halan bilatuta". Gainera, durangarraren hiru lan nabarmendu ditu Gerediagak. Pablo Pedro Astarloari buruz argitaratutako biografia eta argazkigintzari buruzko Minuteros: kale-argazkilariak eta Argazkigintza Durangon XIX.mendean.
80ko hamarkadan Ibaizabal aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen. "Durangaldeko informazioa zabaltzeko eta bakoitzaren interesa zabaltzeko sortu genuen", adierazi zuen Uriartek berak Durango 80 (Unai Iturriaga eta Bideografik ekoiztetxea) dokumentalean Josemari Uriartek berak azaldu zuen moduan. Aldizkari horretan Jose Julian Bakedanok eta Joseba Sarrionandiak ere parte hartu zuten, besteak beste.
Txelu Angoitia Gerediagako argazkilariak Uriartegaz Astola aldizkarian lan egin zuen. "Plazer bat izan da Astolan beragaz lan egitea. Langile fina zen eta beti prest zegoen. Baina, gauza guztien gainetik, pertsona ona zela nabarmenduko nuke. Hutsunea uzten duten horietakoa", azaldu du Angoitiak.