Zein sentsaziogaz abiatuko duzue Durangoko Azoka?
Ba, egia esan, zaila da aurtengo sentsazioak laburbiltzea. Azken hileotan ziurgabetasun handia izan dugu, ez genekielako Azoka zein modutara antolatzeko aukera izango genuen. Baina hasieratik argi izan dugu Azoka antolatu gura genuela, ahal genuen neurrian behintzat. Erronka handia izaten ari da guretzat egoera honetara egokitzea, baina baikor gaude. Badakigu aurtengo Azoka ez dela berdina izango, ez dugula jendetzarik ikusiko Durangon, baina behintzat lortu dugu Azokako taupada bizirik mantentzea eta euskal kulturari bultzada ematea.
Zaila izan da aurten zein Azoka mota antolatu zitekeen erabakitzea?
Bai, hamaika plan izan dugu esku artean, egoera ezberdinetara egokitzeko. Batzuetan asterik astera aldatu behar izan ditugu gure aurreikuspenak, osasun egoera ere aldatzen zebilelako eta ez genekielako Azokako datetara zelan helduko ginen. Internet bidezko denda eta streaming bidezko egitaraua mantenduko genituela argi izan dugu, baina zalantzak izan ditugu azken unera arte aurrez aurreko egitarauagaz. Azkenean, aurrez aurreko egitarauari eutsi ahal izango diogu eta Durangoko eta mugakide diren herrietako bizilagunek jarduerez bertatik bertara gozatzeko aukera izango dute.
Sektore osoa oso kaltetuta dago. Zein giro sumatzen duzue kulturgileen artean?
Kezka handia igartzen dugu sektorean. Pandemiak oso gogor kolpatu ditu gure gizartearen sektore guztiak, eta modu berezian kulturgintza eta euskalgintza. Sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak, teloiaren atzean lan egiten duten teknikariak, aretoak, kultur taldeak... oso egoera gordina izaten ari da denontzat. Are larriagoa da sortzaile hasiberrien kasuan, eurek ez dutelako ikusgarritasun edo bitarteko ekonomiko nahikorik euren ibilbide artistikoa hasteko, eta hori oso kezkagarria da euskal kulturaren etorkizunerako. Eurak kezkatuta daude, eta gu ere bai.
Herririk herriko egitaraua prestatu duzue?
Bai. Mugikortasun ezarpenen ondorioz, aurten Durangoko eta mugakide diren herrietako bizilagunek gozatu ahal izango dute Durangoko egitarauaz. Hori dela-eta, ahalegindu gara Azoka Euskal Herrian zabaltzen eta ahalik eta kulturzale gehiagorengana heltzen. Zortzi herritan antolatu ditugu kontzertuak: Amurrion, Atarrabian, Azpeitian, Bermeon, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Ondarroan. Ipar Euskal Herrian antolatzen ere ahalegindu gara, baina osasun neurrien ondorioz ez da posible izan.
Egitasmo horren beste ardatz bat liburu-dendekin lotuta dago.
Bai, hori da "Zu non, han DA!" egitasmoaren bigarren ardatza. Abenduaren 4tik 8ra Internet bidezko denda izango dugu durangokoazoka.eus webgunean, eta normalean Landakon topatzen diren produktuak izango ditugu eskura bertan: diskoak, liburuak, ikus-entzunezkoak, papergintza... Azoka amaitzerakoan, liburu-denden txanda helduko da eta kulturzaleek Azokako hainbat produktu topatu ahal izango dituzte han.
Plateruenak ateak itxiko ditu urte amaieran. Amesten hasita, aurrerantzean zein motatako proiektua gustatuko litzaizuke bertan?
Bai, pena handiz jaso nuen albistea, benetan. Euskal kulturgintzarentzat erreferentea izan da Plateruena, Durangon bertan eta Durangotik kanpora ere. Euskal kulturari lotuta jarraitzea gura nuke, eta euskalgintzarentzat topagunea izatea.
Zein mezu helarazi gura zenieke Durangora urtero etortzen direnei?
Aurten Durangoko Azoka beste modu batera bizitzeko gonbita egin gura nieke: streaming bidez egitarauaz gozatzeko, sareko dendan kuxkuxeatzeko, euren ahalmenaren arabera denda horretan erosteko, sortzaile berriak ezagutzeko... Gura duten eta ahal duten moduan, euren taupada emateko euskal kulturari, inoiz baino beharrezkoagoa izango da eta.