Bestelako itxura edukiko du aurten Landako guneak Durangoko Azokak irauten duen bitartean. "Erakusmahaiz beteta ikustera ohituta gauden gune hau aurtengoan online dendaren biltegi, eta sormen eta kultur ekitaldi desberdinen erakustoki bihurtuko da" azaldu du Nerea Mujika Gerediagako presidenteak.
Bi gune izango ditu aurtengo Durangoko Azokak, denda digitalaz gainera. Plateruenan diskoen aurkezpenak egingo dira. Bertatik igaroko dira, besteak beste, Gatibu, Mikel Urdangarin, Zetak edota Kohatu berriztarrak. Gainontzeko kultur ekitaldiak Landako Gunean egingo dira. Idazleen artean, besteak beste, honako sortzaileen parte hartzea izango du Azokak: Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jakoba Errekondo edota Andoni Olariaga. Kultur ekitaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahalko dira, Azokaren webgunean.
"Desioaren saskia"
Denda digitalak 2.300 produktu baino gehiagoko katalogoa eskainiko du gaur arratsaldetik aurrera. Erosketak, ostera, abenduak 4tik aurrera egin ahalko dira. "Gaurtik aurrera katalogoa kontsultatu eta produktuak aukeratu ahal izango dira desioen saskian. Horrela, abenduaren 4an aukeratutako desioen saski hori errealitate bihurtuko du erosleak, ordainketa egin eta erosketari amaiera emanez", azaldu du Arantza Atutxa Gerediagako kudeatzaileak.
55. Durangoko Azokak abenduaren 4ean irekiko ditu ateak, Ikasle Goizagaz. Arratsaldean "Azokako lehen taupaDA!" ekitaldia egingo da, eta besteak beste, Bagara dantza kolektibo durangarrak parte hartuko du bertan.
Abenduaren 4tik 8ra izango da aurtengo Durangoko Azoka.