Balendin Lasuen hil da, Gerediaga elkarteko presidente ohia eta Zaldibarko alkate ohia

Anboto 2019ko abe. 27a, 09:53

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak eta Balendin Lasuenek, elkartearen 50. urtemugan egin zuten topo.

95 urtegaz hil da zaldibartarra. Gerediaga elkarteko presidentea izan zen 1967tik aurrerako lauzpabost urteetan. Zaldibarko lehen alkatea izan zen diktaduraren osteko 1979ko hauteskundeetan, nahiz eta 1976tik alkate karguan egon zen, Gipuzkoako beste hainbat herritako alkateek osatutako taldean

“Zaldibarren ez ezik, Durangalde osoan merezi du aitormena. Konprometitua eta zabala zen”, azaldu du Jose Luis Lizundia euskaltzainak eta Gerediaga elkarteko kideak. Lizundiak ondo gogoan ditu Lasuenegaz elkartean egindako lehen pausoak: “Urte zailak ziren. Eskualde osoko agintariegaz eta ordezkariegaz tratuan aritzeko ‘ezker eskua’ behar zen, eta, berak, bazuen. Konfiantza handia genuen, harreman handia”.

60ko hamarkada bukaerako eta 70eko hamarkada hasierako testuinguru nahasian, Euskal Liburu eta Disko Azoka zabaltzeko lan egin zuen Balendin Lasuenek. Berdin Gerediaga elkarteak antolatutako beste hainbat ekitaldigaz ere, hala nola, “ardi txakurren txapelketak” hedatzen.

Zaldibarren alkate

Zaldibar bere jaioterriko alkate ere izan zen. Lizundiak azaldu duenez, 1976tik jardun zuen Zaldibarko agintari lanetan, Bergarako, Arrasateko eta Aretxabaletako beste alkate batzuegaz batera osatutako taldean. Gero,  diktaduraren osteko lehen hauteskunde demokratikoetan, 1979an alkate izendatu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!