Bagarak udaberrian eman zituen lehenengo pausoak.
Uribarri Atxotegi: Ane eta biok 2018an hasi ginen gure lehenengo lanak plazaratzen. Aurtengo udaberrian hirurok Euskal Herrian batu gara, eta proiektu honi hasiera ematea erabaki genuen.
Ane Gabilondo: Dantza espazioa okupatzeko modu konkretu bat izanda, orain hutsik geratu diren espazioak berriro okupatu behar ditugu norbanako lez. Zelan birkonkistatuko ditugu?
Maider Etxegibel: Ikerketa teorikoa hasi genuen horrela, espazioa okupatzeko modu desberdinekin, zelan espazioak gu kondizionatzen gaituen, eta baita zelan baldintzatzen dugun guk espazio hori berriro. Ikusi dugu badagoela analogia bat eskulturaren eta dantzaren artean. Espazioa eta eskultura ikertu ditugu; Jorge Oteizaren lanak aztertu genituen, formagaitik baino gehiago, espazioaren eraginagaitik, hutsa edo kontentzioa landu ditugu. Chillidaren obra ere ikusi genuen. Eskulturaren paralelismo bat dago formekin, eta egurra eta burdina ere badaude gure piezan.
Eta Gerediagaren deia etorri da.
U.A.: Ikerketa horregaz sorkuntza gorpuzten hasi ginen, zelanbait esateko, zerbaiten ernamuina. Inprobisaziorako ere bazen abiapuntua. Eta Gerediagako proposamena jaso ostean, ikerketan ikasitakoa hona bideratu dugu.
M.E.: Pieza labur bat izango da, orain arte ikertutakoaren eta egin gura dugun ibilbidearen lagin bat.
Durangoko Azoka ez da plaza txikia.
U.A.: Azokaren testuingurura ekarri dugu gure proposamena. Gure pieza humanoa da, kulturaren aldarrikapenagaz bat egiten duena, sektorea prekarioa eta ezegonkorra den une batean. Momentu honetan zerbait sortzea garrantzitsua da, eta zer esanik ez aurkeztea, are gehiago publikoaren aurrean bada.
M.E.: Kolektiboaren indarra transmititu gura dugu, gizakiaren bateratzetik sortu daitekeen indar hori.
A.G.: Ez da hiru piezak osaturiko lan bat izango. Pertsonaiak ditu, eta paisajeak. Jolas bat izango da, hiru gorputzez osaturiko gorputz baten jolasa. Galdera-erantzun jolas bat dago, erresonantziekin.
Dantza ezagutzera ematen ari da diziplina artistiko lez? Durangaldean dantzari gehiago ikusten den sentsazioa dut.
M.E.: Orokorrean, gorputzari entzuteko ohitura galdu dugu egungo gizartean. Esan daiteke orain hasi garela emozioei garrantzia ematen. Tristeziaren abaniko guztia espezifikatzen hasi gara, baina sentsazio fisikoei dagokienez, ez ditugu oso garatuta.
A.G.: Horregaitik da dantzaren apustua interesgarria eta iraultzailea. Dantzak ez diolako produktibitate kapitalista horri erantzuten.
U.A.: Non ikustarazten dira dantzariak? Musikari gazte batek, adibidez, hor ditu gaztetxea edo areto bat. Baina dantzariok ez dugu espazio askorik; beharbada, dantza akademia bateko kide bazara, edo euskal dantzen kasuan herrietako plazak. Jaien testuinguruan, adibidez, txosnetan ez da dantza emanaldirik egoten, eta hor jende askok ikusi ahalko luke dantza.
Zelan moldatzen zarete entseguak egiteko?
A.G.: Guk ez dugu gauza handirik behar entseguak egiteko. Zoru bat, berotasun apur bat eta musika ekipo bat, besterik ez. Baina minimo horiek behar ditugu. Zorua gogorra izatera, adibidez, lesionatu egin gaitezke.
U.A.: Entseatzeko espazio eza igarri dugu. San Agustinez gainera, Getxoko Utopian eta Bilboko Punto de fugan ere egoteko aukera eskaini digute.