[BIDEOA] "Inoizko parte-hartze onena egongo da aurtengo Durango-Durango klasikoan"

Anboto 2020ko uzt. 18a, 13:00

Atzo Laboral Kutxa Durango-Durango Emakumeen Saria aurkeztu zuten, San Agustin kulturgunean egindako ekitaldian. Uztailaren 26ko probak munduko txirrindulari onenak batuko ditu eta abuztuan hasiko den World Tour-eko egutegiari begirako prestaketa moduan baliatuko dute. Duranguesa txirrindulari elkarteko presidentea den Josu Atxotegik lasterketaren gaineko azalpenak eman zituen.

Aurtengo parte-hartzea "inoizko onena" izango dela nabarmendu zuen. Abuztu hasieran World Tour-eko egutegiari ekingo diote txirrindulariek eta hitzordu horiei begirako prestakuntza moduan erabiliko dute klasikoa. Durangoko proba egunotan Nafarroan lehiatuko diren beste lasterketa birekin kateatuko dutenez, munduko txirrindulari onenek euren prestaketa fintzeko egutegi aproposa aurkituko dute Euskal Herrian.

UCI World Tour mailako zazpi talde etorriko dira Durangora, tartean Bizkaia-Durango. Irteera puntuan egongo dira, besteak beste, azken hiru aldietako irabazleak: munduko txapelduna den Annemiek van Vleuten (2017ko irabazlea), Anna van der Breggen (2018ko irabazlea, Italiako Giroko irabazlea birritan eta errepideko txapeldun olinpikoa 2016an) eta Lucy Kennedy (2019ko irabazlea). 2018an Emakumeen Bira irabazi zuen Amanda Spratt da beste izarretako bat.

Euskaldunen artean Ane Santesteban eta Eider Merino nabarmendu daitezke, besteak beste. Izen-ematea kontuan hartuta, Bizkaia-Durangok ekarriko duen taldea aurreratu zuten atzo: Irene Loizate, Amaia Lartitegi, Alice Maria Arzuffi, Cristina Martinez, Lucia Gonzalez eta Lizzie Holden.

Segurtasun neurriak

Lasterketa uztailaren 26ko domekan, 15:00etan, hasiko da Ezkurditik. 113 kilometro izango ditu, ohiko ibilbidearekin. Segurtasun neurriak zainduko dituzte. Autobusen aparkalekua mugatua egongo da: Gran Hoteletik Etxezarreta Jauregiaren ondoko bidegurutzera eta handik Kurutziaga Ikastolarako aldapa. Zaleak ezingo dira hara sartu. Helmuga inguruko jende kopurua mugatu egingo dute: azken 200 metroetan 50 pertsona gehienez, alde bakoitzean. "Erronka" bat izango dela onartu zuen Atxotegik eta zaleei "arduratsu" jokatzeko eskatu zien.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!